Eguenean San Martin eskolako haurrek modu berezian ospatu zuten San Martin egunaren etorrera. Arratsaldean eskolako patioan elkartu ziren. Abestu eta dantzatzeaz gain, irrintzi lehiaketa ere egin zuten eta ospakizunekin amaitzeko, gaztaina erreak dastatzeko aukera izan zuten haur, guraso zein irakasleek.
Txirripartxis lehiaketak erantzun ona
Atzo arratsaldean hasi ziren ospakizun ekitaldiak. 16:30etik aurrera partxisa izan zen nagusi udaletxeko pleno aretoan. Lehenik eta behin 15 urtetik beherakoen txanda izan zen eta 17:30etik aurrera helduek hartu zuten protagonismoa. Hamar urte bete ditu aurten Txirripartxisa-k. 14 urtera arteko 31 haurrek eta 15 urtetik aurrerako 12 helduk hartu zuten parte. Haurren artean Igotz Mateo, Julen Errasti eta Even Steven izan ziren irabazleak eta helduen artean, berriz, Mikel Ruiz de Azua, Amaia Lopez de Bergara eta Alex Mendikute. Postuen araberako diru kopuru ezberdina jaso zuten, Elkar dendetan euskarazko materialarekin trukatzeko.
18:00ak jota, plazan, Trikitixa taldekoak kalejira hasi zuten goiko kaleetan barrena eta ospakizunekin amaitzeko Trikitixa taldekoek udaletxeko arkupean jarritako buzkantza, txorixo eta ardoa dastatzeko aukera izan zen. Egun borobila, beraz.