Gurean ere badira rocker zaharrenen izpirituaz bustitzen gaituzten musikariak. Pettik eta Xabik egubakoitzean Oñatiko Antton tabernan eskaini zuten kontzertuak, los viejos rockeros nunca mueren esaldia zekarren ikuslearen gogora. Aipatutako rockzale zaharren abestiak bertsionatuz eta bi gitarraz rock-and-rolla egin daitekeela erakutsiz, berako musikariak eta Donostiako Señor No taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak umore onaren eta zuzeneko indartsuaren gaineko lezioa eman zuten.
Otsailetik elkarrekin
Otsailean hasi ziren kontzertuak elkarrekin ematen. Esan bezala, bertsioak dira kontzertuetako sostengua, rock-and-rolla, soul edota bluesa nahasten dituzte. Hortik sortu zen diskoa grabatzearen ideia, eta Gaztelupeko Hotsak-ekin egin dute hori. Binilo formatuan ere eskuratu ahal izango da gainera.
Egubakoitzeko kontzertuan, diskoan aurkitu daitezkeen lanak eskaini zituzten. Bluesa eta rocka nagusi, bestelakoak ere entzun ahal izan ziren; rumba doinuak, esaterako. Nahiz eta rumba ez izan bikotearen musika estilo jatorrizkoa, horrekin ere, eszenatokian bikain pasatzen dutela argi geratu zen eta hori, ikuslearengana helarazten ere jakin izan zuten Pettik eta Xabik.
Urtarrilean bertsio gehiago
Bikotea gustura dago elkarrekin eszenatokian –hori argi gelditu zen egubakoitzeko kontzertuan–, eta urtarriletik aurrera dituzten kontzertuetarako bertsio berriak ere gertu dituzte.