Lehenengo aldia izan zen, eta ondo atera zen. Lehenengo aldiz antolatu ahal izan du Beti Bustik maila honetako txapelketa bat herrian bertan, Bergaran, Deba ibaian, eta ondo atera zen: "Jendea gustura geratu da", zioen Euskadiko Kopako egutegiko lehen proba izan zena amaituta Kuxi Gallastegi bergararren arduradunak. Hasiera batean Pauen (Frantzia) ziren txapelketa egitekoak, baina aurreko egunetako euri eta elurrek eman zuten aukera, behingoagatik, urrutira joan beharrik gabe lehiatzeko.
Eguzki goxoaren azpian, 23 urtez azpiko, senior, beterano, junior eta kadete mailetako 90 palista inguru uretaratu ziren Labegaraietako kiroldegi parean. Oraindik ere baldintza hobeak izan ziren egun batzuk lehenago ibaian: "Aurreko gauetik hona 30 zentimetro jaitsi da uraren maila", zioen Gallastegik, baina baldintzak "balekoak" izan ziren. "Palistek esan digute zirkuitu gogorra izan dela".
250 metro inguruko zatian hogei bat izan ziren pasa beharreko ateak. Aurreneko zatia zen gogorrena, korronte askorik ez eta arraun gehiago egin behar zelako. Beheragoko zatian gehiago laguntzen zuen ibaiak.
Kirolari olinpiarrik ez –kontzentrazio batean ziren–, baina Europako eta Munduko txapelketetan lehiatzen direnak izan ziren Bergaran. Zapatuko lehian parte hartu zuten Beti Bustiko palistak, berriz, hiru izan ziren: Patxi Ugalde eta Aritz Gimbert 23 urtez azpikoetan, eta Jokin Labaien juniorretan, denak K-1ean –C-1 eta C-2 izan ziren beste modalitateak–. Labaienek eta Gimbertek bosgarren eta seigarren amaitu zuten, hurrenez hurren; Ugalde izan zen etxekoetan emaitza onena lortu zuena, brontzea.

Bi txanda zituen Bergarako lehiak, eta lehenengoaren ostean ez zen erabat gustura Ugalde: "Ez naiz ondoegi sentitu", zioen, baina itxaropentsu zen bigarrenari begira. Bigarren txanda eta gero, baina, beste palista batek hartu zion aurrea, eta bigarren postutik hirugarrenera egin zuen.
Emaitza txukuna, dena den, kontuan izanda sorbaldako arazo batzuekin dabilela azkenaldian –aste honetan du ebakuntza–, ondo entrenatu ezinda: "Aurten lasai hartuko dut, datorren urtean topera joateko". Pozik zen Beti Bustikoa zapatukoa etxean antolatzeko modua izan zelako: "Erakutsi dugu egin daitezkeela hemen horrelako txapelketak, oso ondo antolatzen ditu klubak"; gehiagotan egiterik balego... Kanal artifizial bat falta omen da Euskal Herrian. Taldeka, Santiagotarrak izan zen garaile, Atletico San Sebastian bigarren eta Beti Busti hirugarren.