Patxi Basauri, Elgetako EAJko alkategaia: "Esperientziadun pertsonak ditu EAJk Elgetan, herrian epe luzerako plangintzak planteatuko dituztenak"

Miren Arregi Amasorrain 2011ko maiatzaren 7a

Ezin esan Patxi Basauri ez denik politiko esperientziaduna. 31 urtez jarraian Elgetako alkate izana, azken lau urteotan oposizioan egotea egokitu zaio. Politika da haren bizitza eta horretan jarraitzeko asmoa du, "jainkoak nahi duen arte" behintzat. Azken lau urteotan udalean lidergo falta egon dela uste du. Bere helburu nagusia datorren legealdiari begira, herrian lana sortzea izango da.

 

Soslaia

35 urtetik gora daramatza Patxi Basaurik herri politikagintzan; horietatik 31 alkate bezala. Industri maisutza ikasketak burutu ditu, EAJko Elgetako alkategaiak. 66 urte beteta, duela gutxi hartu du erretiroa; hori bai, ahal duen arte herriarengatik lanean jarraituko duela, zalantzarik ez du. Politikari nekaezina da bera.

Zer eskaintzen dio datozen udal hauteskundeei begira EAJk Elgetari?

Batetik, esperientziadun pertsonak. Aurrez ere politika egin izan dutenak; ni bezala alkate izan direnak, edota zinegotzi. Esango nuke esperientziadun jendea izatea garrantzitsua dela. Bestetik, herria bere osotasunean ikusiko duten pertsonak, partzialki barik, ikuspegi global batekin aztertuko dutenak. Eta nola ez, epe luzerako plangintzak planteatuko dituztenak.

Programaren ardatz edo proposamen nagusiak zeintzuk liratezke?
Elgetan%35eko langabezia egon zen garai baten. Eta gu ez ginen eskuak gurutzatuta gelditu; hain justu, Pagatza poligonoa ipini genuen martxan. Industri poligonoa krisi garaian ipini genuen martxan, aurrea hartu genion gainera zetorkigunari. Pagatza kudeatzeko Elgeta 21 taldea sortu genuen eta hori azken lau urteotako udal gobernuak, aurrekontu arazoak tarteko, geldituta izan du. Hori astakeria izugarria da, are gehiago krisi denboran. Gure asmoetako bat da berriz ere, talde hori martxan ipintzea.

Kirol instalaziotan ikusten dugu hutsune handia. Hasteko ez dago herriko bertako kirol monitorerik eta instalazioak oso utzita daude. Aztertu beharko litzateke egoera, badakit dirua behar dela, baina instalazioak hobetu behar dira, bestela jendea ez da joaten.

Bestetik, gas naturala herrira ekartzeko ahaleginak ere egingo ditugu.

Azken lau urteei begira, zein hutsune nagusi aipatuko zenituzke?

Lidergo falta egon da, nire iritziz. Egoera zaila izan da, langabezia handia, industria geldi... baina ez du balio eskuak gurutzatuta gelditzeak krisia mundu guztian dagoela esanez.  Irtenbideak ez datoz Madriletik, Europatik edo Gasteiztik. Gu aurreratu behar gara. Nik hori nabarmenduko nuke, lidergo falta egon dela.

Gaur egungo udal gobernuak Asentzion egin duen aktuazioan kontra azaldu zarete.

Gu ez gaude Asentzioko planaren kontra; baina, aspektu batzuetan gauzak arinegi egin dira. Esaterako, ez dugu ulertzen Gipuzkoako Foru Aldundiak konpondutako bide zatia nola altxatu duten oinezkoendako bidea egiteko. Hura kamioiak ibiltzen diren eremua da eta zoru dana hondatuta dago dagoeneko; gastu ikaragarria dakar zati hori lantzean behin konpontzen ibiltzeak. Bazeuden beste aukera batzuk, esaterako, lehengo bidearen alboan egitea bide gorria.

Udaletxeko langile kopuruari dagokionez udal gobernuak egin dituen murrizketekin ere ez zarete ados agertu.

Ez dut esaten murrizketak egin behar ez zirenik. Baina gauzak ez dira ondo egin, nire ustetan. Azterketa sakonago bat egin beharko litzateke. Kulturan eta kiroletan ez dago teknikorik. Aparejadorearekin ere iskanbilak izan dira. Azken urteotako agintariak sartu zirenean, aparejadorea bota egin zuten. Eta horrek ez du izenik. Aparejadoreak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta udalak hamaika milioi pezeta gastatu ditu behintzat kalte-ordainetan. Horrelako gauzak ezin dira modu horretan egin. Badakit lehen egon ziren teknikari guztiak ezin direla berreskuratu gaurko egoeran, baina egoera aztertu eta beste erantzun batzuk bilatu behar dira. Bestetik, aipatu udal langileen arteko klima ere hobetu beharreko gauza bat dela. Ulertu behar duenak ulertuko du zertaz ari naizen.

Zer da, Patxi, herriaz gehien gustatzen zaizuna?

Dinamika handiko herria da. Jendea asko mugitzen da eta herri parte-hartzailea da.

Eta gutxien?

Duela urte batzuk, udaletxean egiten ziren batzordeetan herritarrak egoten ziren, euren iritziak emanez. Parte hartze hori galdu egin da, eta berreskuratu beharko genuke.

Nola sartu zinen politikan?

Beti gustatu izan zait gai sozial, zein kulturaletan parte hartzea. 1976. Urtean, Franko hil eta urte betera, Bergaran sortu berri zen mugimendu bateko kideek bultzatu ninduten politikan sartzera. 1979an, lehen hauteskundeetan, hautetsi independente bezala aurkeztu nintzen. Hiru legealdi egin nituen independente bezala.  Estruktura falta sumatzen nuen, eta politikari agur esateko puntuan egon nintzen. Azken momentuan EAJ etorri zitzaidan alderdian sartzeko eskaerarekin eta baietz esan nuen.

Eta zergatik jarraitzen duzu politikan?

Filmetan esaten duten bezala, botak jantzita hilko naiz. Indarra dudan bitartean, eta ekarpenak egiten jarraitzeko modua dudan bitartean politikan jarraituko dut. Herriarengatik, 20 urterekin, 50ekin edo 80kin egin daiteke lana, eta nik jarraituko dut. 

Herriak izan zen Aralar aukeratu zuena. Beti sinistu dut herrian; herria subiranoa da eta nik demokratikoki onartu nuen oposiziora joatea. Azken legealdi honi dagokionez, esango nuke gauza batzuk presaka egin direla.

 Zelako herria gurako zenuke?

Garai baten izan zuen distira berreskuratu dezan gurako nuke. 1980ko hamarraldian krisiaren ondorioz lur jota egon zen herria; hori gainditu genuenean, distiraz beteriko urteak izan ziren. Industria sortu zen, etxe sozialak eraiki ziren eta horrek komertzioa eta tabernak zabaltzera bultzatu zuen jendea. Bestetik, gurako nuke jendeak lehengo elkartasun zentzua berreskuratzea; bikaina litzateke, nahiz eta badakidan zaila dela. Lehenago jendea solidarioagoa zen.

Zer da alkate irteten bazara egingo duzun lehen gauza?

Lehengo ospatu. Gero, lur hartu ondoren herriaren gaineko azterketa sakon bat egin. Herritarrak entzun eta ondorioen araberako aktuazioetan pentsatu.

 Beste ezer gehitu gurako  zenuke?

Bai, Elgetan badago Iturbe Patronatua deitzen den eraikuntza bat. Eraikuntza hori apezpikutzarena da. Udalak proiektu bat landu du eraikin horri halako erabilera batzuk emateko; lokalak, ikastolarentzat, mendi museoa... Udal gobernuak dirua eskatu dio Apezpikutzari proiektua garatu ahal izateko eta hark ezezkoa eman du. Bada, orain, udal gobernuak eraikina bota gura duela dio, eta lehen solairua bakarrik utzi. Gu eraikina botatzearen guztiz kontra gaude. Badakigu diru asko behar dela, baina ez dut uste Euskal Herriak krisian jarraituko duenik datozen 100 urteetan. Itxaron beharko genuke, denboraz hartu, eta etorriko da eraikina eraberritzeko aukera. 

 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Herria ikusten dut txoko bezala. Egunaren arabera txoko kuttunena aldatzen da.

Herritar bat: Ikastolen sorreran lan egin zuten herritar guztiak.

Pertsonaia Historiko bat: Nazareteko Jesus.

Telebistako saio bat: Politikaren gaineko edozein tertulia.

Sare sozialetan ibiltzen zara? Ez.

Interneten zein web-gune bisitatzen duzu? Batez ere egunkariak.

Irakurri duzun azken liburua? Azkena ez dut gogoratzen baina zirrara handia eragin zidana, El Proceso de Kafka.

Zein egunkari erosten duzu? El Diario Vasco.

Eta zeintzuk irakurri? El Diario Vasco, Goiena, Gara edota El Pais.

Ikusi duzun azken filma? Ez dut gogoan baina bat aipatzekotan West Side Story. Zazpi bat bider ikusi dut.

Abesti bat? Abestiak baino abeslariak aipatuko ditut: Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Lete.

Mania bat? Boligrafo bat daramat beti aldean; Kalean galdetzen didaten guztia apuntatzen dut, gero interneten begiratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak