Partidu ona egin arren, 27 eta 29 galdu zuten bergararrek Askartzaren kontra

Usoa Agirre 2012ko urtarrilaren 29a

Zapatu arratsaldean jokatu zuten senior mailako partidua Labegaraietan. Lehen zatian oso ondo jokatu zuten Soraluce-BKEko mutilek. Defentsan ondo aritu ziren, joko bizkorrarekin eta golak erraz egiten, 16 eta 15 bukatu zuten lehenengo zatia. Josetxo Muniategi entrenatzaileak Mikel Plazaolak egindako lehen zatia nabarmendu zuen.

Bigarren zatia ondo hasi zuten, baina bergararrek penalti bat huts egin eta 5 eta 1eko partziala lortu zuten Askartzakoek. Bigarren zatian defentsa aldatu zuten kanpokoek, oso atzean jarri ziren, eta bergararrek ez zuten jakin horrela jokatzen.

Partidua amaitzeko bi minutu falta zirela Askartzako atezaina kanporatu zuten eta jokalari bat jarri zuten haren ordez. Bergararrek orduan gola egiteko bi aukera izan zituzten, baina bi jaurtiketetan atezainari eman zioten baloiarekin. Bergararrek partidu ona jokatu arren, 27 eta 29ko kontrako emaitza izan zen bukaeran.

Maila mantentzeko arazoak

Sailkapenean, azken postuetako multzoan lehenengo daude Bergararrak, 10. postuan. Josetxo Muniategi entrenatzaileak esan digunez, zortzi puntu ez badituzte ateratzen "arazoak" izango dituzte mailari eusteko. Adierazi digunez, "ez da nahikoa ondo jokatzea, puntuak egin behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak