Oxel Erostarbe: "Militarrek Elgetan eta inguruetan egin beharko luketen gauza bakarra da barkamena eskatu eta alde egin"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 24a

Goizean Oxel Erostarbe alkateak Euskadi Irratian adierazi du ez diotela esplikaziorik topatzen militarrak Elgetan maniobrak egiten ibiltzeari: "Probokazio itzela da eta errespetu falta handia Elgetan eta Euskal Herrian hainbeste sufritu zutenekiko, kontuan izanik, gainera, egunotan dabiltzala oroitzen eta ospatzen 75. urteurrena".

Horren harira gogora erazi du, gainera, azken udal batzarrean –Gernikan egin zuten moduan– aho batez erabaki zutela espainiar, alemaniar eta italiar estatuei eskaera egitea Elgetako herriari barkamena eska ziezaioten, herria bonbardatu eta txikitu izanagatik.

Azaldu duenez, goizean, lehen orduan, herritarren dei ugari jaso dituzte udaletxean, militarrak ikusi dituztela esanez; herriko hainbat tokitan eta armak soinean zituztela.

"Militarrek Elgetan eta inguruetan egin beharko luketen gauza bakarra da barkamena eskatu eta alde egin" esanez bukatu du Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa.

12:00etan prentsaurrekoa

Gertaera honen aurrean, Elgetako Udalak azalpenak eskatuko ditu, seguruenik; gaur, 12:00etarako, prentsaurrekoa deitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak