Zapatu goizean aurkeztu zuen Oñatiko Triatloi taldeak denboraldi berria. Aurtengo nobedadeen artean, erabiliko duten arropa dago. "Bereziki, kirolariak bizikletarekin doazenean errepidean ondo ikus daitezen egindakoa da, oso aproposa da istripuak saihesteko", kontatu digu istripua izan zuenetik ia guztiz errekuperatua eta ilusioz beteta ikusi dugun Unai Pedregal, Triatloi taldeko kideak.
Aurten, taldea iaz baino zortzi kirolari gehiagok osatzen dute. Balorazio positiboa egin digu Pedregalek: "Gure taldea jende oso ezberdinak osatzen du: batzuk Ironman-a egiten dute; beste batzuk, ordea, erritmo desberdin batean astean zehar eta aste bukaeretan egiten dute kirol pixka bat triatloiak prestatzeko, bereziki. Iaz 35 kide ginen eta aurten 43 lagunek osatzen dugu taldea. Pozgarria da benetan". "Ia-ia karrera guztietan gure kolorea da nagusi. Aurrean ibiltzen direnak asko dira, baina, garrantzitsuena da gure taldea lasterketa osoan barrena ikusten, dela, nabariak garela".
Oñatiko Duatloia martxoan
Aurtengo Oñatiko Duatloia martxoaren 19an egingo da eta berrikuntzekin dator. Izan ere, Euskal Herriko probarako puntuagarria izango da aurtengoa. Hala, ibilbidea ere aldatu dute distantzia ofizialetara mugatzeko. Hasierako zatian, 10 kilometro korrika egin beharko dute. Ondoren, 40 kilometro bizikletarekin Bergaratik Deskargara; bukatzeko, 5 kilometro lasterka egingo dute lehengo Ibarrako zelaitik, hau da, oraingo Enpresagintza Fakultatetik barrena. Atzeko kaleko obrak direla eta, bada bestelako aldaketarik ibilbidean. Trianako biribilgunetik saihesbideraino igo beharko dute zuzenean; gero Korreosetik plazara joango dira lasterkariak.
Interesa dutenendako, izena emateko epea zabalik dago. Dagoeneko, 200 lagunek eman dute izena. Baina, 400 lagunendako dago tokia. Antolatzaileen esanetan, aurtengoa, Euskal Herrirako probarako puntuagarria izanik, plaza guztiak beteko dira. Kirolari handiak etorriko direla ere aurreratu digute Oñatiko Triatloi taldetik. Besteak beste, Ainhoa Murua eta Oñatiko proban aski ezagunak diren bi Frantziarrak etorriko dira duatloia egitera. Maila ezin hobea duen Australiako kirolari bat ere etorriko da proba egitera.