Behar zuen erritmoan eta inoren presio barik. Modurik naturalenean. Halaxe erditu dute Eneko Barberena eta Mikel Oceja arrasatearrek Martin Larralde izeneko liburu eta diskoa. Hitzak Barberenak egin ditu eta Oceja arduratu da hitzok ilustratzeaz. Ideia jarioen mundu hori musikatzea, berriz, "luxuzko" kolaboratzaileen eskutik heldu da: Pirritx eta Porrotx, Gose, Ain_1, Petti, F21 –Arkaitz Biain eta Beñat Irazabal–, Bihotz bakartien kluba, Xabi Strubell, Enaitz Alustiza, Manex Agirre...
Gaur bertan salgai, hamar eurotan
40 testu –"hausnarketa", Barberenak dioenez– eta 11 abestik osatzen dute obra. Diskoaren grabazioa Bonberenean burutu da zatirik handienean, baina abesti batzuk Arrasateko Shot!, Aretxabaletako Lazkano eta Gasteizko Hala Bedi estudioetan grabatu dira.
Gaur egingo dute proiektu bereziaren aurkezpena, gaztetxean. Aurkezpenean bertan jarriko dute salgai gaztetxean, hamar eurotan. Auto-ekoizpena izanik, Arrasaten eta inguruko herrietan egileek eurek salduko dute eta Euskal Herrian zehar Bonberenea Ekintzak ekimenaren bitartez zabalduko dute. Internet bidez eskuratzeko aukera ere egongo da datozen egunotan, proiekturako propio sortu den www.martinlarralde.org webgunean.
Literaturaren memoria lana
Hiru urte iraun du haurdunaldiak: "2008an gertuko istorioak kontatzen zituzten testu batzuk argitaratzeko sentitu nuen nahi edo beharretik sortzen da", dio Barberenak eta honela azaldu digu proiektuaren helburua: "Literaturaren leitmotiv handi bat ekarri gura izan dut mahai gainera: istorio batzuk daude literaturak jorratzen ez baditu galdu egingo direla. Prentsa hor dago, hemerotekak hor daude, baina ez da berdina. Kazetaritza genero baliagarria izan daiteke baina oso iragankorra da aldi berean".
Esaten duena sinesten duela atzematen zaio bere iritzia adibide batekin borobiltzen duenean: "Zer geratuko da 15 urte barru, adibidez, Kukutza gaztetxearen eraisteaz? Nire ustez, Zea Maysen abestia eta egunotan gertatu dena barrutik kontatuko duen horren testigantza. Gertakariak jasota daude komunikabideetan baina uste dugu literatura eta sorkuntza direla tresna eraginkorrenak memoria hori lantzeko. Finean, istorioak historian mantentzeko saiakera apala da gure proiektua". Mikel Ocejak ere sortzaileen erantzukizun hori aldarrikatzen du: "Norbera saiatu behar da bere istorio propioak kontatzen, beste batek objektibotasunetik kontatuko baititu. Istorioak memorian geratzen dira, subjektibotasunetik kontatzen direnean, sentimenduekin kontatzen direnean".
"Bidea da helburua"
Egileek proiektua posible egin dutenei "eskerrik beroenak" eman gura dizkie: "Mila esker bidaia hau posible egin duzuen guztioi, bidea da helburua". Izan ere, egileek argi utzi dute azken emaitza baino politagoa izan dela bidea bera. Hots, auto-ekoizpenak zer suposatzen duen lehen pertsonan bizi eta hiru urteotan ezagututako jende guztia ezagutu izana.
Arrasate Irratian protagonistei egindako elkarrizketa hemen entzungai
Eneko Barberenak eta Mikel Ocejak gaur, eguena, Arrasate Irratian kontatu dituzte proiektuaren nondik norakoak eta, era berean, gaur iluntzean egingo duten aurkezpenaren gainekoak. Segidan klikatuz gero, entzuteko moduan duzue solasaldi osoa.