Maixol Iparragirre: "Estatuek oraindik ere beraien inertzia zaharkituan jarraitzen dute"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 16a

Martitzenean egin zuten Bordelen Maixol Iparragirreren kontrako euroaginduaren gaineko auzi-saioa. Espainiara hiru hilabeterako ekartzea eskatzen dute Espainiako epaileek. Epaiketaren aurretik, Iparragirre elkarrizketatzeko aukera izan du Joseba Garitonandiak. Laburpen bat ekarri dugu hona.

Zer dela-eta zaude orain Lyon-Corhaseko kartzelan?

Zergatik hemen? Ez, behintzat, legeak dioena jarraitzen dutelako. Sakabanaketaren beste urrats bat izan da. Udaberrian estreinatu genuen Lyon-Corhas kartzela euskal presook. Parisen espetxeratuta geunden hiru kide eta beste hiru atxilotu berri hartu, eta Lyon-Corhasera. Mapan kokatzeko, Alpeetatik gertu dagoela esan dezaket. Kartzela berri-berria da. Hona iritsi ginenetik ez dugu arnas askorik hartu, oinarrizkoak diren eskubideak ere borrokatu behar baititugu. Kolektibo izaera onartzeko ahaleginean ari gara. Zigor-ziegetan egon berri gara eta edozein unetan gaude berriro han.

Ia zazpi urte igaro dira atxilotu zintuztenetik. Zein da zure egoera juridikoa?

Bai, 7 urte beteko ditut urrian. Abenduan epaitu ninduten, azkenean, epaitzeko epe guztiak topera eraman eta gero. 20 urtera kondenatu gintuzten bikotekidea eta biok, baina helegitea jarri genuenez epaiketa berriro noiz egingo zain gaude. Frantzian dosier bakarra dut, baina espainolak ez dira geldirik egon 7 urte hauetan. Igorri dituzten estradizio eta euroagindu guztiak onartu dituzte epaile frantsesek. 14 ditut onartuta. Uda honetan sorpresa eman didate, onartutako lau euroagindurengatik berehala Espainiaratzea eskatu baitu Andreu Merelles epaileak, presa omen du ni epaitzeko.

Orain, Frantzian epaitu aurretik uzten dituzte euskal presoak Espainiako justiziaren eskuetan…

1993a baino lehenagoko aferengatik estradizio eskaerak egin behar zituen Espainiak. Estradizio epaiketa batean eskaeraren oinarria aztertu behar izaten zen eta defentsa egiteko aukera, txikia bazen ere, ematen zuen horrek. Ondorengo aferentzat euroagindua erabili behar du –Europako Batasuneko legedia osatzen hasi eta formula hori asmatu baitzuten estradizioa ordezkatzeko–. Euroagindua oso espeditiboa da, lagunen arteko formalismo batera mugatzen da. Eskaerari buruzko epaiketa egin behar da, bai, baina tramite hutsa da, zuri zuzendua dela baieztatu eta ezer gutxi gehiago egiten dute epaileek. Baina espainolek presa dute beti. Eta orain arte Frantziak bertan epaitu arte itxoiteko agintzen bazuen ere, bada urtebete-edo epaiketaren zain egonda ere  Espainaratzen gaituztela. Azkenean lortu dute espainolek! Frantziak eskatu ahala bidaltzen gaituzte orain Espainiara.

Ze ekartzen dio horrek presoari?

Ezegonkortasuna, kondena bikoitzak, bizi baldintzak okertzea... Badakigu espainolek nola osatzen dituzten beraien dosierrak. Torturapean egindako deklarazioetako datuetan oinarritutako eskaerak igortzen dituzte dozenaka. Nik jaso ditudan guztiak horrela eginda daude. Bakoitzarengatik epaiketa egin behar dizute. Printzipioz, epaiketaren zain zaudenean zure defentsa prestatzen ari zara, alde batetik bestera erabiltzen zaituzte, beraien interes mediatikoa eta mendeku gogoa asetzeko. Zure kalterako da, zu egoera ezegonkor batean baitzaude ezer prestatzeko. Espainiako kartzelan isolamenduan sartzen gaituzte gehienok. Behin Espainian zaudela mailegu egonaldia luzatzeko eskatzen dute espainolek eta Frantziak onartzen.

Ze interes du Espainiak?

Espainiaren helburua, nahiz eta Frantzian atxilotu, gu beraien eskuetan ahalik eta azkarren edukitzea izan da beti, eta Frantzia pozik, gu paretik kentzeko aukera izanda, berauen diskurtsoa beti izan baita euskal arazoa espainiarren arazoa baino ez dela. Espainiarrentzat ehiza piezak dira, auskalo zenbateko indarra eta dirua ere jartzen duen Frantziako Estatuan bertan gu atxilotzeko. Baina zer gertatzen zaie espainolei gurekin? Gu atxilotu eta ezin ehiza argazkia atera! Ezin gu erakutsi beraien eskuetan Frantzian dosierra ireki eta urteetan gordetzen baikaituzte epaitu aurretik. Baina hori ez da izan beti beraien helburu nagusia. Espainolen helburu aitor ezina euskal militanteak torturatzeko aukera izatea izan da beti eta nazioarteko legedia traba izan da horretarako.

Zein da Frantziaren jarrera tortura salaketen aurrean?

Nire ustez, frantsesek ez dute inongo zalantzarik. Badakite Espainiak tortura erabiltzen duela. Baina begiak ixten dituzte. Ez da beraien afera. Raison d’etat deitzen zaio horri. Frantziak, giza eskubideen jatorrian badago ere, tortura erabili du beharrezkoa ikusi duenean. Espainiak ere erabil dezakeela iritziko dio. Epaitegi desberdinak ezagutu ditut sakabanaketa dela-eta, Tolosa (Okzitania) eta Aix-en Provenceko epaileek interesa agertzen zuten tortura testigantza entzuteko. Kontrakoa gertatu izan zait Parisen. Tortura testigantza irakurtzen hasi eta bortitz erantzuten zuten, irainduak sentituko balira bezala. Abenduko epaiketan Pello Alkantarillak bere tortura testigantza egin zuenean epaileetako batzuen interes falta nabarmena zen. Besteok zirrarak hartuta geundela epaileetako batek lo hartu zuen.

Euskal Herrian prozesu demokratiko bat eraikitzeko urratsak egiten ari dira hainbat eragile. Zer eragin daukate euroaginduen bidezko entrega hauek?

Euskal Herrian prozesu demokratiko bat irekitzeko ahaleginean ari garen bitartean, Madriletik —eta Paristik bere neurrian— hori guztia zapuzteko ahalegina baino ez dator. Une garrantzitsura iritsi gara, ageri-agerian dago zein den arazoaren muina, independentziaren ordezko trikimailuek porrot egin dute eta garden ageri da Herri bezala etorkizuna erabakitzeko aukera berri bat ireki dela. Euroaginduen kontuekin (presoen aurkako neurriekin bezala) urteetan eraikitako errepresio bideak direla jakin behar da. Makina martxan jarri eta geldiezinak direnak bertan behera uzteko erabaki argi bat hartu arte. Guk gure hausnarketa egin eta militantzia egoera berrira egokitzea erabaki badugu ere, estatuek oraindik beraien inertzia zaharkituan jarraitzen dute. Nik ring-ean nokeatuta bakarrik gelditu den boxeolariaren antza hartzen diet. Baina badakite: partida jada ez dago ring horretan. Alferrik ari dira.

Ze gaitasun ikusten diozu errepresioaren aurrean eraikitzen ari den herri harresiari?

Ez dut inoiz ahaztuko euroagindu baten epaiketan epaileak serio-serio frantses herritarrengandik jasotako agindua betez epaitzen ninduela esan zidanean. Ezer gutxi zekiten herritar frantsesek gela horretan gertatzen ari zenaz eta, are gutxiago, beraien izena tortura babesteko erabiltzen ari zirenik. Gaitasun handia ikusten diot herri harresiari, gaitasun osoa. Jendartearen parte handi bat terrorismoaren aurkako lege berezi eta bidegabeen bidez baztertu, zigortu eta ehizarako pieza bihurtzea onartu eta babestu duten ordezkari politikoek ardura handia dute gaur bizi dugun egoeran, berdin politika epaitegien bidez egitea ahalbidetu duten epaileek. Boterea herriari lapurtu eta beraien interes ekonomiko eta politikoak babesteko eta bermatzeko errepresio modu guztiak ahalbidetu dituzten politikari eta epaileak dira. Lotsarik gabe herriaren izenean ari direla esaten digute, gainera!

Tortura salaketak daude euroagindu horiek oinarritu diren adierazpen iturburuan, iazko abenduan Parisen epaitu zintuztenean ere tortura aipagai izan zen askotan; loturarik ikusten duzu bien artean?

Bai, egon daitekeela uste dut. Ahal izan dudan bakoitzean, torturaren erabilpena salatu izan dut. Atxilotu gintuzten garai bertsuan atxilotu zuten Amaya de Paz, lagun batek bere testigantza gogorra helarazi zidan frantziar kartzelara itzulita, ez nuen besterik, baina nahikoa zen entzun nahi zuenaren konbikzioak dardarka jartzeko, eta horrela izan zen Tolosan eta Aix-en Provenceko epai-geletan. Eta Andreu Merellesen aldetik mendeku gogoa egon daitekeela uste dut. Abenduko epaiketan, Parisen bere izena askotan atera zelako torturari lotuta. Izan ere, Pello Alkantarillaren dosierra berak egin zuen, berari kontatu zion Pellok guardia zibilaren eskuetan jasandakoa, berak erabaki zuen guardia zibilari egindako adierazpenak legezko baldintzetan egin zirela eta horrela idatzi zuen Pello Frantzian epaitu zezaten onartu eta epaile frantsesari igorri zion txostenean. Abenduko epaiketan, Parisen, abokatuaren helburu nagusietako bat Pelloren deklarazioak zein baldintzetan egin ziren argitzea izan zen, horretarako Andreu Merelles barrara deitzeko eskatua zion epaile-buruari. Epaileak ez zuen indar handirik egin: Andreu Merellesek gutunez igorritako erantzuna irakurri zuen, bertan egun horietan lana zuela eta ezinezkoa izango zitzaiola etortzea zioen.

Euroaginduaren aurrean kontzientzia pizten ari da eta aurkako mugimendua indartzen ari da.

Kontzientzia piztu da, lan asko egin delako piztu da. Hainbeste bidegabekeria gertatzen ari den unean, ez naiz ari bakarrik euskal militanteoi egiten zaizkigunaz –hor dago kanporatze agindupean edozein baldintzetan giltzapetuta daukaten paperik gabeko jendea adibidez– bada zertan militatu eta batez ere isiltasun mediatikoa hausteko gaitasuna izatea. Euroaginduaren kontuarekin mugimendu zabala lortu da, prentsa eta irrati zein telebista frantsesetako zentsura gainditu da ere eta hori gaur egun urrats handia da. Euroagindua zer den jendarteratzea lortu da, agerian gelditu da osatu gabeko lege bat dela, bidegabekeriei bidea irekitzen diela... Torturan oinarritutako euroaginduak bertan behera uzteko borroka egingo dut, egingo dugu. Tortura desagerrarazteko beste urrats bat emateko aukera dut edo dugu eta erronka horri gogor eutsiko diot eta diogu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak