Etxeko taldeak, eraso jokaldi gehiago egin zituen, baina La Unica talde iruñarraren defentsa argi ibili zen eta ondo saihestu zituen talde arrasatearraren eraso jokaldiak. Gauzak horrela, 0-0 bukatu zen lehenengo zatia eta atsedenaldiaren ostean, bi taldeak partiduaren bila joan ziren.Partiduko lehenengo bost puntuak La Unicak lortu zituen. Talde nafarrak entsegua egin zuen, eta gero, jaurtiketan kale egin zuen.
Lehenengo bost puntuak jaso ostean, Igor Isasiren mutilak norgehiagokari buelta ematen saiatu ziren, baina azken minutuetara arte ez zuten helburua bete. Etxeko taldearen lehenengo puntuak Aitor Lezamizek lortu zituen zigor golpe bat sartu ostean; 3-5 arrasatearrek susperraldiaren hasiera.
Partidua bukatzeko bost minutu geratzen zirenean, berriz ere Aitor Lezamiz agertu egin zen: jokalari arrasatearrak egin zuen jokaldia eta, Jose Manuel Servideri baloia pasatu eta honek entsegua egin zuen. Jokaldi honekin Kanpantzar Arrasatek partiduari buelta eman zion, markagailuan 8-5. Tanto honen ostean, partiduko protagonistak, Aitor Lezamizek, entsegua egin osteko jaurtiketa egin eta etxekoentzat azkeneko bi puntuak lortu zituen. Zapatuko partiduaren ostean, sailkapeneko bigarren postua lortu du talde arrasatearrak.