Soslaia |
|
Koldo Goenaga Garmendiak 62 urte ditu. Errezilen jaio zen. Bost urte zituela Eibarrera joan ziren bizitzera eta duela 8 urtetik hona Elgetan bizi da. 14 urterekin hasi zen lanean Eibarko GAC bizikleta enpresan. Star pistolak egiten zituen lantegian ere jardun zuen, eta aurre jubilazioa hartu aurreko urteetan Eibarko ehorztetxe batean egin zuen lana. Ezkonduta dago, bi alaba eta iloba bat ditu. |
Zergatik dago Koldo Goenaga politikan?
Politika beti jarraitu dut gertutik. LABeko delegatua izan naiz urtetan. Orain, horrenbeste oztopo jarri dituztela ikusita, politikan zuzenean parte hartzea erabaki dut.

Zer eskaintzen dio Bilduk Elgetari?
Krisiarekin gauza gutxi egin daitezke, egia esan. Dirua ondo gastatuko dugu, beharrezko gauzetan. Etxekoandreen eredua jarraitu beharko dugu, dirua ondo administratu eta pixka bat gorde, egoera larriagoetan erabiltzeko.
Nola ikusten duzu zuk Elgetan? Zer falta zaio? Zer du soberan?
Elgeta oso ondo dago; Eibarrekin konparatuta zer esanik ez. Harreman ona dago herrian. Herri garbia da eta segurtasun aldetik, esaterako, segurua dela esan daiteke. Bestalde, industriagunea osatzea falta zaio, herri barruan ere badaude oraindik lantokiak, eta horiek herri barrutik industria poligonora pasa behar dira. Lantoki horiek dauden lurretan, berriz, berdegunea jarri nuke, adibidez, herriak oinezkoendako izan behar du. Modu horretan, egun duen bizi kalitate ona hobea izango litzateke.

Ze proiektu ditu Bilduk herrirako?
Lana egitea. Gaizki daudenak hobetzen saiatzea eta ondo daudenak ondo mantentzea. Promesak egitea erraza da orain, baina hankak lurrean izatea komeni da. Hala ere, industriagunera enpresa berriak ekartzera eta turismoa bultzatzea ideia batzuk dira.
Programaren ardatz nagusiak orain, labur bada ere.
Programa bera zehazten ari gara oraindik, egia esan. Hala ere, euskarak eta kulturak pisua hartuko dutela esan dezaket. Euskara mailan konturatu naiz umeek euskaraz ikasi arren, kalean ez dutela denek euskara egiten, eta hori zuzendu behar da. Kafe Antzokiak, bestalde, ikusi da ondo funtzionatzen duela, eta horrela jarraitu behar du, seinale ona da-eta. Etxebizitzei dagokionez, berriz, hutsak badaude herrian eta etxe premian ere bai herritar batzuk, beraz, aztertu egin beharko da gai hori.
Hala ere, taldeko lanean sinisten dut nik. Talde sendo bat behar da herria aurrera eramateko eta talde horretan guztiak sartzen dira, denak dira beharrezkoak. Denei eman behar zaie lanerako aukera.

Nolako Elgeta eta nolako elgetarrak gura dituzu ikusi lau urte barru?
Elgetar denak euskaraz berba egiten entzun gura nituzke. Espero dut lau urte barru krisia gaindituta egotea, eta herritarrak lana izatea. Bestalde, Elgetarako Euskal Herri osorako gura dudana nahiko nuke: Bilduren zerrendak aurrera egitea eta bakea lortzea Euska Herri osoarendako.
Gertutik |
|
Herriko txoko gustukoena: Asentzio. Herritar bat: Lagun asko ditut, eta ez nuke bakarra aipatuko. Pertsonaia historiko bat: Trintxeretan egon zirenak. Telebistako saio bat: Normalean kirola ikusten dut, futbola eta pilota partiduak. Sare sozialetan ibiltzen sara? Ez. Irakurri duzun azken liburua: El asedio (Arturo Perez Reverte) irakurtzen nabil. Egunkaririk irakurtzen duzu? Berria, Gara, El Diario Vasco eta Marca. Zein da erosten duzuna? Berria eta Gara. Beste biak tabernetan irakurtzen ditut. Interneten zertan ibiltzen zara? Futbolarien jarraipena egiteko erabiltzen nuen lehen, eta baita lanerako ere, baina orain ez dut erabiltzen; etxean ez dugu sarerik. Ikusi duzun azken filma: El discurso del rey (Tom Hooper). Ez dago gaizki. Abesti bat: Benito Lertxundi eta Mikel Laboarenak. Mania bat: Ebakia hartzera joatea goizero, etxetik irtetean. |