Jonathan Lastrak irabazi du Euskal Herria trofeoa Oñatin jokatutako ziklo-krosean

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko abenduaren 18a

Bota duen euri eta elurrarengatik zirkuitoa oso lokaztuta gelditu da eta ziklistak gustura ibili dira. Antolatzaileak ere pozik gelditu dira eta lasterketen balorazio positiboa egin dute.

Hirumet taldeko Jonathan Lastra bilbotarrak irabazi du 23 urtez azpiko kategoriako Oñatiko ziklo-kros proba; horrela, Euskal Herria trofeoa bereganatu du Lastrak, espero zen moduan. Gomez anaiekin lehia bizian ibili ostean, berak menperatu zuen lasterketa eta azken hiruzpalau bueltak berak bakarrik egin zituen lasterketako buru. Lastrak Oñatiko ziklo-kros proban parte hartzen duen lehenengo aldia izan da aurtengoa eta "zirkuitu polita baina gogorra" dela aitortu zigun.

23 urtez azpiko kategoriako mutilek San Martingo zirkuitoaren 2.500 metroei sei buelta eman behar izan zieten domekan eta, esan moduan, Lastra izan zen azkarrena 53:40 denborarekin. Bigarren heldu zen metara Iñigo Gomez ziklista (54:32) eta hirugarren egin zuen Michel Vueltak (54:44). Kategoria horretako lehenengo oñatiarra Aitor Umerez izan zen.

Elite mailako emakumeetan lehenengoa Olatz Odriozola izan zen. Zirkuituari bost buelta eman behar izan zioten eta ia 49 minutu behar izan zituen horretarako.

Juniorrak eta kadeteak

Federaziotik hala eskatuta, junior eta kadete mailetako lasterketetarako zirkuitoa pixka bat moztu zuten. Zirkuituan gora egiten zuen zelaiaren zatia moztu zuten "ur asko zegoen eta lokatza gurpiletara heltzen denez, oso toki gogorra da adin horietako gaztetxoendako" esan zigun Ruper Arkauz Arrikrutz taldeko zuzendari eta lasterketako antolatzaileak.

Horrela, juniorrek bost buelta eman behar izan zioten markatutako zirkuituari eta Xabier Goikoetxea Bizkaiko txapeldunak garaitu zuen proba (40:59). Bigarren gelditu zen Alex Aranburu Gipuzkoako txapelduna (41:15). Zazpigarren postua eskuratu zuen Iker Arkauz oñatiarrak, 13. gelditu zen Bergarako Julen Irizar eta Jon Ander Kortabarria bergararrak, ostera, 20. postua eskuratu zuen.

Kadeteek, berriz, markatutako zirkuituari lau buelta eman zizkioten eta azkarrena, espero zen moduan, Gipuzkoako txapeldun Patxi Aldanondo izan zen (32:28). Iker Alberdi oñatiarra ere oso ondo aritu zen; bosgarren postua lortu zuen Gipuzkoako txapeldunordeak (34:59). Hamabosgarren gelditu zen Xabier Aiastui oñatiarra (38:27) eta hamazazpigarren Oñatiko Julen Umerez (38:44). Hogeigarren postuan gelditu zen Bergarako Jon Fernandez (39:13).

Masterrak

Master 40ean Roberto Zugasti oñatiarrak garaitu zuen lasterketa (41:21). Lau buelta eman zizkioten zirkuitoari eta laugarren postuan helmugaratu zen Oñatiko Iñaki Barrena (42:51).

Bitxikeri moduan, esan genezake, 60 urtetik gorako bi gizonek ere hartu zutela parte ziklo-krosean.

Balorazio positiboa

"Lasterketak arrakasta handia izan du eta oso pozik gaude. Dena ondo irten da" adierazi zigun Ruper Arkauz Arrikrutz taldeko zuzendariak eta lasterketako antolatzaileak. Lasterketetan euria egin zuen, baita elurra ere. "Ziklo-kroserako eguraldi aproposa izan dugu; parte hartzen dutenek gehiago disfrutatzen dute horrela" aitortu zigun Arkauzek.

Gurutze Gorrikoek dena normaltasunez joan zela esan ziguten, hala ere, bat baino gehiago atenditu behar izan zuten hanka eta eskuak izoztuta bukatu zutelako. "Arazoren batzuk egon dira hotzarekin, baina masaje eta dutxa baten ostean dena konpontzen da" adierazi zigun Arkauzek.

Zirkuitoan aurten egin dituzten aldaketekin ere pozik gelditu ziren parte hartzaileak eta baita antolatzaileak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak