Irabaztekoa zen partidua gaizki jokatu eta galdu egin zuen Natra Oñatik

Leire Kortabarria 2011ko abenduaren 19a

Lur jota sartu ziren aldageletara Natra Oñatiko mutilak, Xabier Igartua entrenatzailearen hitzetan "hil edo bizikoa" zen partidua galdu ondoren, eta baita Zubikoan taldea babestera joan ziren zaleei garaipena edo ikuskizun ona eskaini ezinda. Zapatuko partiduan, zaleek jokatu zuten rol onena, liga zail baten taldearen ondoan beti: 600 lagun batu ziren Zubikoan.

Horrenbestez, zazpi porrot izan dituzte oñatiarrek bata bestearen atzean, baina zapatukoak min handia egin die: EHU Araba sailkapeneko azkena zen, eta hari irabaztea lehenengo pauso bat izan zitekeen sasoi txarra mendean hartzeko.

Hori gutxi balitz, joko txarra erakutsi zuten txantxikuarrek, joan den astean liderraren aurka emandako irudi bikaina ahazteraino. Atsedenaldira 25-38 bisitariaren alde joan ziren, eta EHU Arabak anbizio handiagoa erakutsi zuen, bigarren zatian denborak ondo kudeatuz eta azkenean bi puntuak poltsikoratuz.

"Ea indarberritzen garen"

Jagoba Gamarra jokalariak onartzen digu "merezitako porrota" izan zela eta "urteko partidurik txarrena" egin zutela gorriek. "Irabazteko partidua zen eta galdu egin dugu. Dinamika txarrean sartuta gaude eta ez da samurra hortik irtetea". Orain, urtarrilari begira daude: "Gabonetako atsedenaldia hartuko dugu, eta ea indarberritzen garen", esaten digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak