Gola egiteko jaurti egin behar dela berretsi zuten aretxabaletarrek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko otsailaren 19a

Joko aldetik partidua ona izan ez arren, egin zituzten golak ikusteagatik bakarrik balio izan zuen zapatu arratsaldea Ibarran pasatzea. 32. minutuan sartu zuen Haritz Igatuak lehenengo gola. Zelai erdian baloia lapurtu eta atezaina aurreratuta ikusi ostean, baloia jaurti eta zuzenean barrura sartu zuen. Gol polita.

Bigarren gola aldageletara joan baina minutu batzuk lehenago egin zuen Ibai Hernandezek. Gainera, hirugarrena egiteko aukera ere izan zuten hurrengo jokaldian baina 2-0koarekin joan ziren atsedenera.

Baloi luzeak bota zituzten

Etxeko taldea Behobia baino hobea izan zen lehenengo zatian. Hala ere, jokalariak ez ziren eroso ibili zelaian eta pase motzetan oinarritutako jokoa ezin izan zuten egin. Baloi luzeak jaurti zituzten, eta diagonalak aprobetxatu gura izan zituzten, aurkariei bizkarra hartu eta gola egiteko.

Bigarren zatian, hirugarren gola egin ostean, zerbait erlaxatu egin ziren etxekoak. Igartuak egin zuen hirugarrena: area kanpotik baloia jaurtita. Ondoren, partiduaren erritmoa jarraitzea kosta egin zitzaien aretxabaletarrei, eta ondorioz nekea nabaritu zuten jokalariek.

Behobiaren aukerak

Behobiak ez zuen amore eman. Azkeneko hamar minutuetan hainbat gol aukera izan zituzten baina langak etxekoen alde egin zuen. Hala, ezin izan zuten Iker Agirregaribia gainditu.

Kronika osoa eta Haritz Igartuari elkarrizketa Asteleheneko Goiena paperean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak