Gol bakarragatik irabazi du Soraluze BKE taldeak, 31-30

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko otsailaren 17a

Bergarako zein Gasteizko Corazonistas taldeak, biek egindako hutsegiteengatik nabarmendu zen Labegaraietan jokatutako partidua. Datozen bi partiduetako emaitzek esango dute bergararrek nola bukatuko duten denboraldia.

Gol bakarragatik, larri larri, irabazi zion Bergarako Soraluze BKE taldeak Gasteizko Corazonistasi; 31-30.

Zapatuan, atzo, jokatu zuten partidua, Labegaraietan, eta ia denbora osoan irabazten joan arren, emaitza izan zen partiduak emandako onena. "Egia esan ez dugu oso ondo jokatu. Defentsan ez gara ondo ibili eta erasoak ere ez ditugu bata bestearen atzetik egin. Hala ere, talde biak ibili gara berdin, biok egin ditugu hutsegite berdinak", kontatu du Josetxo Muniategik, Bergarako taldearen entrenatzaileak.

Orgaz eta Manuel

Atsedenaldian ere puntu bakarragatik ari zen irabazten etxeko taldea (16-15). "Bigarren zatiko momentu baten lau goleko aldea lortu genuen, baina hamar bat minutu iraun zuen horrek. Berriro bueltatu ginen ia partidu osoan egindako joku eskasera", gogoratzen du entrenatzaile bergararrak. "Azken minutuetan ere berdin. Guk izandako bi kanporaketa ondo aprobetxatu zituen Gasteizko taldeak, baina euren taldeko jokalari batzuk ere kanporatu zituzten, eta parean ibili ginen. Kanporaketa horiek izan ez bagenitu, agian errazago irabaziko genuke".
Taldeko jokalariak nabarmentzeko orduan, hiru izen aipatu ditu Muniategik: "Ibai atezaina, bigarren zatian txukun ibili delako eta Unai Orgaz eta Iñaki Manuel  jokalariak, lehenak sei gol sartu dituelako eta bigarrenak bost".

Datozen bi partiduak

Bosgarren dago Soraluze BKE sailkapen nagusian. Hurrengo bi partiduak Ereintza eta Egiaren aurka ditu eta Muniategiren esanetan, erabakiorrak izango dira. "Irabazten baditugu, goian bukatuko dugu denboraldia, baina galduz gero, kosta egingo zaigu aurrera egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak