Udalak eta parrokiak adostu dutena da bidea egin arren, bere horretan utziko dutela gaur egun abadetxea inguratzen duen pareta.
Urtea bukatu baino lehen
Kontuak kontu, behin adostasuna lortuta, ahalik eta lasterren hasi beharko dituzte obrak; izan ere, Amenabar enpresak eraikiko du pasabide berri hori, 800.000 euro pasako aurrekontuarekin. Baina Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du proiektuaren %65 (463.710,10 euro), Hiriber-Hiriak Berritu izeneko programaren bitartez (E planaren antzerakoa). Eta programa horren arabera, urtea bukatu baino lehen gauzatu beharko dute bide berria.
Galtzada berezia
Bide hori izango da ibilgailuendako zein oinezkoendako, eta aterako da Gazteluondoren atzeko aldetik eta abade etxea inguratuta iritsiko da Arrasate pasealekuraino.
120 metro pasako luzera izango du, errei bakarra ibilgailuendako eta alde zaharreko kaleen izaera; hau da, ibilgailu zein oinezkoek bat egiten duten gunea izanik, automobilek oso poliki zirkulatu beharko dute, eta errepidearen galtzada berezia izango da.
Parkea ere bai
Bide berria zabaltzeaz batera, proiektuaren arabera, orube berean parke bat ere eraikiko dute; txikia izango da, eta asmoa da jarlekuak, iturria eta umeendako jolas batzuk ipintzea, baina justu, jolasen kontua atzera ere aztertu egin beharko dutela eman dute aditzera Hirigintza Sailetik.