Merezitako garaipena lortu zuten zapatuan Ford Mugarri Arrasateko mutilek. Elgoibarko taldeak lan dezente eman zuten kantxan. Ez hori bakarrik; jarraitzaile asko ekarri zituzten Arrasatera, Iturripek Elgoibarkoen kantxa emateraino. Baina Herreroren mutilak ez ziren kikildu. Lehenengo minutuetan arerioak markagailuan hartutako aurrea neutralizatzen jakin zuten eta atsedenerako berdinketatik gertu zegoen emaitza zuten; 13-14.
Bigarren zatian, hobeto
Herrero atsedenaren ostean egindako lanarekin dago gustuen. "Defentsan asko igo dugu, bai intentsitatean bai kontaktuan. Aitor Txabarri atezainari laguntza eman diogu eta oso-oso ondo aritu da; dena gelditu du. Erasoan ere askoz gehiago mugitu dugu baloia; errazago joan da alde batetik bestera, modu ordenatuan eta nahiko argi ibili gara erasoan. Hor egon da diferentzia nire ustez". Amaieran ahalegin handia egin zuten Elgoibarkoek, baina denbora falta izan zitzaien.