Ford Mugarri-Corazonistas: emozioa, tentsioa eta berdinketa

EduMendibil 2011ko martxoaren 27a

Emozio handiko partidua zapatu arratsaldean Iturripen bizi izan genuena. Sailkapeneko lehen bi taldeak ziren aurrez aurre eta arrasatearrek eta gasteiztarrek ikuskizun bikaina erakutsi zuten Iturripen batutako zaleen aurrean. Ford Mugarri irabazten joan zen partidu gehiena, baina gasteiztarrek bi goleko abantaila lortu zuten partidua bukatzeko bi minutu falta zirela. Azkenean berdinketa eskertu zuten etxekoek.

Etxeko taldeak hartu zuen jokoaren ardura lehen minututik eta ia partidu osoan aurretik izan genuen Ford Mugarri markagailuan, Atsedenaldira hiru goleko abantaila lortu zuten arrasatearrek (18-14). Nahiz eta bigarren zatian Ford Mugarri bost goleko abantaila izatera iritsi (24-19), gasteiztarrek ez zuten amore eman eta aldea murrizten hasi ziren.

Azken minutuak zoratzekoak izan ziren eta tentsioa handitzeko markagailu elektronikoarekin ere arazoak izan zituzten mahaian. Gasteiztarrek ezin zuten sinetsi: bi gol aurretik jarri ziren eta ia-ia garaipena ospatzen ari zirela, etxekoen erreakzioa etorri zen. Ekaitz Aranburuzabalaren geldiketak erabakigarriak izan ziren eta Iker Zubiaurrek azken aukera bat izan zuen garaipena lortzeko. Hala ere, bi taldeek ontzat eman zuten berdinketa. Gasteizen, joaneko partiduan, arrasatearrek irabazi zuten baina zapatuan ezin izan zuten emaitza hura errepikatu.

Hiru jardunaldi amaitzeko

Sailkapenak berdin jarraitzen du. Corazonistasek puntu bateko aldea ateratzen dio Ford Mugarriri eta badirudi biak izango direla igoera faserako sailkatu diren taldeak. Hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen. Universidad Deusto-Loyolari egingo dio bisita Ford Mugarrik asteburuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak