Euskadiko txapeldun Iñaki Alonsok irabazi zuen Oñatiko kadeteen proba esprintean

Mireia Bikuña 2011ko ekainaren 20a

Inoxcra-Beasain taldeko txirrindulari Iñaki Alonsok irabazi zuen atzo jokatutako 25. Olakua proba. Mikel Irizar eta Iñaki Martinez igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren tokietara. Mendiko saria Aetxe Arratibelek irabazi zuen, eta Oñatiko korrikalarien artean, Mikel Fernandez izan zen onena.

Fernandez 12. lekuan heldu zen Olakua auzoan zegoen helmugara eta egindako lanagatik saria jaso zuen.

58 kilometro

Kadete mailako 81 txirrindularik hartu zuten irteera eta, beroaren eraginez, 58 bakarrik heldu ziren helmugara. Kadete mailako ziklistek 58 kilometroko ibilbidea egin zuten: Olakua, Zubillaga, San Prudentzio, Arrasate, Eroskiko biribilgunea, San Prudentzio, Zubillaga, Oñati, Olabarrieta, Udana, Legazpi, Udana, Oñati.

Ziklista indartsuenek seiko taldea osatu zuten, eta esprintean erabaki zuten lasterketa. Iñaki Alonsok punta-puntako ziklista dela erakutsi zuen. "Zapatuan Azpeitiko proba irabazi zuen eta kadete mailako Euskadiko txapela jantzi zuen Bergaran", esan zigun Aloñako ziklismo saileko presidente Pedro Irurtzunek.
Proba bukatu ondoren, sari banaketa ekitaldia egin zuten Artxubi tabernaren aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak