Herritarren artean eztabaida sustatu gura du erakusketak, eta oraingoz lortu du helburua. Izan ere, ikusmin handia piztu du; lehen astean 200 bat herritar pasa ziren Kulturateko klaustrotik.
Erakusketan herritarren zerbitzura dagoen udal langileak honela azaldu digu: "Harritu egin gara etorri den jendeaz. Zifra zehatzik ezin dut eman, baina zabaldu zenetik gaur arte 500 herritar baino gehiago pasako ziren. Gainera, batzuk proposamen zehatzekin etorri dira; badakite zertaz ari diren. Aldekoak eta kontrakoak, denetariko iritziak jaso dira orain arte". Ekarpenok erakusketa itxi ostean aztertuko ditu Udalak.
2013rako onartzea, goiz jota
Plan orokorra onartzeko prozesua luzea izango da. Eta bertan jasotzen diren proiektuak gauzatzeak are eta luzeago joko du oraindik. Hirigintza Saileko teknikari buru Juan Antonio Urdangarinek uste du 2013 edo 2014rako onartuko dela HAPO berria.
Kontuan izan behar da duela zortzi urte pasa onartutako planaren barruko zenbait proiektu egiteke daudela oraindik eta plan berriarekin ere hala gertatuko dela: "Erakusketan marraztuta agertzen denak ez du esan gura egin behar denik, inondik inora", gaineratu du Urdangarinek. Gaineratu du proposamenak ez direla larregi garatu: "Ideiak dira, batzuk oso ausartak eta beste batzuk ez horrenbeste. Ideion gainean herritarrek duten iritzia jakin gura dugu".
Orarpena, prozesu luzea
Herritarren proposamenak jaso ostean plana idazteko oinarrizko irizpide eta helburuak zehaztuko dira. Gero agiri hori jendaurrean erakutsiko da hilabetez, eta eskumenak dituzten bestelako administrazioei ere jakinaraziko zaie.
Erakusketa horretako emaitzak jaso eta behin behinekoz onartuko da agiria, dagozkion aldaketekin. Aldaketok egiturazko antolamenduaren funtsa aldatzen badute Udalak hasierako onespena eman beharko dio agiriari eta jendaurrean irekiko du berriz, beste behin onartu aurretik.
Horren ostean Udalak agiria EAEko Lurraldearen Antolamendurako batzordeari igorriko dio eta batzorde horren txostena loteslea izango da lurralde antolamenduko tresnei, eta Udalaz harago dauden proiektuei. Hiru hilabete izango du batzorde horrek txostena egiteko. Eta orduan, aldaketa horiek guztiak egin ostean, behin betiko onartuko da HAPO berria.
Kanpanzar ustiatzeko plana

Harrobia ustiatzen duen enpresak aurkeztu berri duen lurpeko meatzaritza proiektuaren inguruan dagokion eztabaida abian jarri nahi da erakusketarekin. Enpresa horrek Udalari aurkeztu dio harrobi ustiapena lur azpian edo meatzaritza eran egiteko proposamena, hau da, kareharria lurpetik ateratzea. Omer Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera, Udal Gobernuak proposamenaren aurkako jarrera dauka, "erabat". Hala ere, herritarrek proiektuaren gainean iritzia ematea gura du Hirigintza Sailak.
Garagartza: zer da eraikigarria?

Atxabalpe, Barrutieta, Akisoalde eta Bustintzako inguruan egun bertako lurrek duten eraikitzeko eskubidea jarri gura da ezbaian. Lau aukera erakusten dira, eztabaidarako. Udalaren ideia da auzotarren oniritziarekin eskubide hori murriztea, eta, murrizten bada, zein neurritan egin behar den zehaztea.
Aldaiazpi, polemika iturri

Aldaiko etxebizitzak orain dela berrogei urte baino gehiago eraiki ziren eta egun, zona horretako hiritartze eta irisgarritasun baldintzak nahiko kaskarrak dira. Epe luzera edo ertainera baldintza horiek hobetu beharra ikusten du Hirigintzak.
Erakusketara eramandako proposamenak polemika sortu du, herritar askok ulertu dutelako egungo etxeak bota eta berriak eraikiko direla. Arregik ukatu egin du hori: "Ez dugu buruan dauden etxeak bota eta berriak egitea. Erakusketakoa ideia bat da, ez proiektua: goazen aztertzera Gipuzkoa etorbidean eta Aldaiko urbanizazioan irisgarritasun aldetik zein hobekuntza egin daitezkeen".
Uruburu, iraunkortasunerantz

Uruburu-Grandenape gunean indarrean dagoen antolamendua aldatu egin behar da, egungoa legearen aurka doalako. Hala, trinkotasun eta dentsitate txikiko etxeak beharrean, trinkotasun handikoak aurreikusten dira, garapen iraunkorra bermatuko dituztenak –gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik–. Aurrera egingo balu, etxeen %75 babes publikokoak izango lirateke –%55 babes ofizialekoak eta %20 tasatuak–. Gainerako %25a etxe libreendako litzateke.
Eraikinen kokapena eta antolamendua bera malda eta eguzkiari egokituz aurreikusiko litzateke. Kutsatua dagoen lurzorua egon daiteke, gainera. Era berean, Uribarriko elizaren aurrealdea eta Udalara doan errepidea lotzen dituen oinezkoen bidexka berreskuratu egingo litzateke, eta Uribarri auzoaren ostean dagoen lurzoruaren ingurumen kalitatea hobetu egingo litzateke egungoarekin alderatuz.
Santa Marina: azterketa sakona

Oinezkoendako lehentasuna sustatzea eta auzoaren kalitatea hobetzeko azterketa sakona egitea beharrezko ikusten du Udalak. Irisgarritasun baldintzak hobetu eta espazio publikoak zabaltzea dira lehentasunak. Proposamenean, besteak beste, erdigunea auzoko kale ezberdinekin zuzenean komunikatuko duen gunea antolatzea aurreikusten da.
Aldaiko parkearen kota berean hasi eta maila desberdinetan antolatuta egongo litzateke. Hala, Santa Marina ingurua Aldai inguruko bidegorriarekin, parkearekin eta Gipuzkoa etorbidearekin erraz komunikatuko litzateke. Bestetik, gune horrek auzoko hornikuntza eta aisialdirako gune garrantzitsuenak jasoko lituzke, baita auzoan irisgarritasun baldintzak bermatzeko beharrezkoak liratekeen igogailu eta elementuak ere.
Etxe txikiak: ondarea ere jokoan

Udalaren ustez, komenigarria da Gipuzkoa eta Nafarroa etorbideko ardatzen konexioa hobetu behar den planteatzea. Egun Gipuzkoa etorbidetik Nafarroakora doan zirkulazioa ondo antolatuta dago baina alderantziz, berriz, nahiko aldrebestua da. Ikusiko balitz bi etorbideotako konexioa hobetzea beharrezkoa dela –horrela Zerrajera eta erdigunea hobeto komunikatuz– aukera bat da biribilgunea jartzea.
Biribilgune horrek hiru etxe txiki eraistea suposatuko luke. Herriko ondarearen defendatzaileak horren kontra agertu dira; Udala kontziente da etxeok duten balio historikoaz. Beraz, industri iraultza garaiko adibide den langile etxe-multzoa ahalik eta gehien mantentzea da hasierako helburua.
San Viator Txiki eta Otalora

San Viator Txiki esparruan indarrean dagoen araudiak irakaskuntza eraikinak finkatzen ditu –ordezkatzeko aukera emanez, hala behar ezkero– eta horrez gain, San Andresko eliza handitzeko aukera ematen du. Eztabaidan jarri nahi da elizaren handitze proposamen hori, parkean eragina duelako.
Azkenik, Otalora kalerako proposamen ausarta dago. Ekonomikoki ausartegia akaso, eta galdetu diegun herritarrei ez zaie egingarria denik iruditzen: arbolapetatik Amaia antzokira arteko tartean erreka bistan jarri eta gune osoa oinezkoendako egitea da proposamena. Oinezkoendako egiteko, autoendako errepidea lurpetik egitea aurreikusten da, aparkaleku eta guzti.