Eraikin zaharrak bota eta berria eraiki gura dute Zalduspe gunean

Ubane Madera 2010eko martxoaren 18a

Datarik ez dute zehaztu, baina bai Zalduspe eremua (ospitale ondokoa) asko aldatuko dela etorkizunean. Hala erabaki dute asteon udal agintariek.

Asmoa da ospitale ondoan dauden pabiloi gehienak botatzea. Eta haien pareko lursailean, aparkaleku moduan erabiltzen den horretan, eraikin, kale eta biribilgune berriak egitea.

Kale eta biribilgune berriak

Hain zuzen, kale berria egingo dute ospitalea eta fabrika-gunea banatzeko. Nafarroa etorbidetik izango du sarrera. Eta biribilgunea ere eraikiko dute Nafarroa etorbidea kale berriarekin lotzeko. Era berean, Musakolatik datorren bidegorriak jarraipena izango du kale berriaren paralelo.

Berritasunekin segituz, eraikin berria ere egin gura dute, jarduera ekonomikoetarako. Kale berriaren paralelo kokatzea da asmoa, ospitalearen eraikinarekin lerrokatuta. 

395 aparkaleku

Eta Zalduspe eremuaren ordenazioa borobiltzeko, aparkalekuak ere egokitu gura ditu Udalak: 395: 127 bide publikoan, 230 eraikin berrian  (azpiko aldean) eta gainerakoak esparruko zerbitzuen arabera, "eremu horren beharrak asetzeko izango dira, ez ospitale-gunearenak", azpimarratu du Udalak.  

Plan berezia jendaurrean

Esandako hori guztiori, baina, hasiera fasean dago; hau da, gune hori zelan ordenatu erabaki dute, Plan Berezian. Orain, plana jendaurrean ipini  dute, hogei egunez, gura duenak kontsultatu eta alegazioak aurkez ditzan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak