Zer-nolako aurkakoa zuten jakinean zeuden Josu Larreategiren mutilak: "Talde indartsua da, batez ere barrutik, eta bagenekien gauza bakarra takarradan egitea zela. Ondo hasi ginen, baina laster 10 puntuko aldea atera ziguten, eta horri buelta ematea gauza zaila da".
Aldea txikitu zuten
Hori bakarrik ez, eta erasoan ere ondo ez zirela ibili onartu zigun entrenatzaileak: baloi asko berreskuratu bai, baina ez zuten saskiratzerakoan asmatu.
Alde positiboan, berriz, jokalarien jarrera eta talde sena azpimarratu behar dira: "Gure jokalariak une oro saiatu dira, kantxa osoan presionatuz. Hala, 18 puntuko aldea zeukaten, eta sei puntura txikitzea lortu zuten", baloratu zuen Larreategik.
Hemendik bi astekoa
BideBide ez da MUren aurkari zuzena. Datorren astekoa ere ez: Santurtzira joango dira Arrasatekoak, bigarren sailkatuari irabazten saiatzera; EBAra joango dira datorren urtean, eta partidu zaila izango da. Baina hitzordu garrantzitsuagoa hemendik bi astera izango dute, Iturripen: seigarren dagoen Lizuan.com hartuko dute etxean.