Emakumeen aurkako indarkeria: koordinaziorako protokoloa sinatu dute Bergaran

Edu Mendibil 2011ko azaroaren 25a

Emakumeen aurkako indarkeria-kasuen atentzioan parte hartzen duten hainbat erakundek eta Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuek I. Koordinaziorako Protokoloa sinatu dute gaur goizean, udaletxean.

Tratu txarren edota sexu-erasoen biktima diren emakumeei arreta ematea eta erakundeen arteko elkarlana sustatzea dira protokoloaren helburu nagusiak.

Beergarako Udalarekin batera, Ertzaintza, Osakidetza eta Aranzadi ikastola, Ipintza institutua, Mariaren Lagundia eta San Martín ikastetxeak izan dira sinatzaileak. Sinatzaileen ordezkariek eta Jesus Elortza alkateak hartu dute parte gaurko sinatze ekitaldian. Maren Belastegi eta Javi Bengoa zinegotziak eta Gizarte Zerbitzuetako teknikari Arantzazu Loidi ere izan dira goizean udaletxean.

Emakunderen EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planean garbi jasotzen den bezala, "emakumeen aurkako indarkeria, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazpen larrienetako bat da eta beraz, ezinbestekoa eta premiazkoa da giza eskubideen urraketa larri eta onartezin horren aurka lan egitea".

Protokoloaren helburua Bergaran hauxe da: tratu txarren edota sexu-erasoen biktima diren emakumeei berehalakoa eta disziplina anitzekoa izango den arreta emateko, babesa eskaintzeko eta dauden askotariko baliabideak bere eskura jartzeko, arretan inplikatutako eragileen koordinazioa eta elkarlana bermatzea".

Herriko errealitatea zein den ezagutzeko emakumeenganako indarkeria-kasuen erregistro bateratua izatea da helburuetako bat. Arantzazu Loidik emandako datuen arabera, iaz 16 salaketa jaso zituzten Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Ertzaintzan, berriz, 10 salaketa jaso zituzten 2010ean eta aurten (apirilera arte) hiru zenbatu dituzte. Udalak emandako laguntzei dagokienez, 122 laguntza eskaini dituzte azken bi urteotan Gizarte Zerbitzuetatik.

Biktima diren emakume guztiengana heldu nahi dute, jakin dezaten Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko aukera daukatela; zein eratako baliabideak eskura ditzaketen jakingo dute han. Jesus Elortza alkateak gaur azpimarratu bezala, aurrerantzean protokoloa erakunde gehiagok sinatzea eta etengabeko hobekuntza dira etorkizunerako helburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak