Sari batzuekin konforme nengoke: adibidez, epaimahaiaren sari berezia Le Skylab Julie Delpie frantsesak zuzendutako filmari ematearekin, edo emakumezko aktore onenarena Maria Leon espainiarrari, La voz dormida pelikulan egindako lanagatik.
Beste batzuetan, ez naute gehiegi bete, baina ezta haserretu ere. Adibidez, gizonezko aktore onenaren saria Antonis Kafetzopoulos-i ematea, Adikos Kosmos greziarrean egindako lanagatik; gidoirik onena Hirokazu Kore-Eda japoniarrari ematea, Kiseki (I Wish / Miraria) filmagatik; edo argazki onena Ulf Brantas-entzat izatea, Happy end film suediarragatik.
Ulertezinak egin zaizkidanak, ordea, sari handiak izan dira: zuzendari onena Filippos Tsitos izatea, "Adikos Kosmos"en egilea, eta film onena Los pasos dobles, Isaki Lacuesta espainiarrarena.
Horiek baino askoz hobeak ziren batere saririk gabe gelditu diren asko: The Deep Blue Sea Terence Davies-ena, No habrá paz para los malvados Enrique Urbizurena, edo Take this waltz Sarah Polleyrena, hiru bakarrik aipatzearren.
Tira, alderdi onen bat ikusiko diogu erabakiari: esperimentuaren aldeko apustu garbia egin da; beharbada ez da zinema-aretoak betetzeko modurik onena, baina arriskatu nahi duenari hauspoa emango dio sikiera.
Irabazle guztiei zorionak.