Lasterketa amaitzeko 20 kilometro inguru falta zirela, Arrasatera iristen erasoa jo eta lau txirrindulari geratu dira buruan: Bidelaneko Haritz Orbe eta Borja Abasolo eta Lizarteko gizon bat eta Caja Ruraleko beste bat. Haien atzetik geratu da hamar laguneko taldetxoa, denak Jorge Montenegro Azysakoari begira, bai baitzekiten bera zela denetan indartsuena, aurrekoak harrapatzeko erantzukizuna hari utziz. Egin ditu aurrekoekin bat egiteko ahalegin batzuk, baina Bidelaneko beste kideek, Ugaitz Artolak eta Jon Garatek, bikain egin dute kontrol lana, Montenegroren gurpilera behin eta berriz irtenaz.
Atzetik aurrera, auto artean
Minutuko tartea lortu dute aurrekoek, eta garaipenak euren artekoa zirudien. Atzeko taldera, baina, Montenegroren taldekide bi iritsi dira eta gogor egin dute tira aurrekoak harrapatzeko.
Leintz Gatzagara iritsi aurreko azken maldetan egin dute bat atzekoek aurrekoekin, eta azken metroetan indartsuenak irabazi du. Odriozola kexu agertu da, Montenegroren taldekideek autoen babesa erabili dutela-eta aurrera iristeko.