"Behin finalera iritsita, aprobetxatu egin behar dira aukerak"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 5a

Pozez zoratzen zen Mendizabal finalaren amaieran. Zaleei, familiakoei, lagunei eta neska-lagunari eskaini zien garaipena. "Holako ikusleak... kristona da!" esan zuen.

Zorionak, Aitor!
Eskerrik asko. Gustura nago, bai. Finalera iritsi naiz eta txapela lortu dut, hori da garrantzitsuena, txapelarekin etxera joatea.

Bost hilabete profesionaletan, eta lehenengo txapela.
Bai, kristona, ez? Finalera iritsi naiz eta behin iritsita garrantzitsua da irabaztea. Finala galduz gero ere, lana ondo eginda dago baina behin finalera iritsita aprobetxatu behar diren aukerak dira. Lortu dut eta oso pozik nago.

Hasieratik hartu duzu aurre markagailuan. Nola ikusi duzu partidua?
Ondo hasi naiz, sakeak ondo egin ditut eta ongi mugitu dut pilota. Gero, Lemuno ere jokatzen hasi da eta estutu egin dit. Urduri jarri naiz eta zerbait gehiago kosta zait pilota mugitzea baina iritsi naiz 22. tantora.

Lemunok markagailuan aldea jan dizunean, azkeneko partiduko mamuak etorri zaizkizu burura?
Bai, burutik beti pasatzen dira gauzak. Pare bat sake gora bota ditut eta orduan markagailuan gerturatu zait. Buruak lan asko egiten du horrelakoetan.

Non egon da partiduaren gakoa?
Ondo hasi naiz, tantoa ondo bukatzen eta pare bat pilota on bota ditut. Gero bere ere jokatzen hasi da baina ez dit min handirik egin. Eroso jokatu dudala esan daiteke.

Jarraitzaileen babesa izugarria izan da!
Bai, kristona da. Holako ikusleak... kristona da! ikusi besterik ez dago zenbat jende etorri den. Alde denetatik, herrikoak, lagunak...

Amaitzeko, nori eskaintzen diozu txapela?
Etorri den jendeari; familiari, gehien sufritzen dutenak direlako; eta, neskari, Finlandian dago eta ez du izan partidura etortzerik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak