Azken detaileak ondo zaindu, ura hartu eta bizikleta ikusgarriaz irteera puntura gerturatu zen Maeztu, 15 kilometroko zirkuituari hiru itzulitan hegan egiteko. Hortik aurrerako 35:20 minutuak bihotza estutzen pasa zituen ziklista olinpikoak [Zilarra 2004ko Olinpiar Jokoetan, jazarpen proban], baina beste batzuetan baino gutxiago, autotik zuzendariak, Odriozolak, erreferentzia garbiak ematen zizkiolako.
Talde bereko Mikel Bolibarri segituan hartu zion minutuko aldea –helmugan 1:35–, baita bigarren sailkatu zen Azysako Mikel Ilundaini ere –helmugan 1:28. "Baina auto barrutik lasterketak beste modu batean bizi izaten dira, bizikletan doanak ez duelako ondo jakiten jasotzen dituen erreferentziak egiazkoak diren ala ez. Askotan, motibatzeko-edo ez da egia osoa esaten", adierazi zuen Maeztuk garaikurra jaso ostean.
Bada, haren pedalkolpe bakoitza jarraitu zutenek garbi zuten jasotzen zituen erreferentziak egiazkoak zirela, gutxigatik ez zituen-eta aurrekoak harrapatu.
Omar Fraile eta Aitor Rey
Elitean Asier Maeztu izan zen onena, baina goizeko lehenengo saioan, gazteenean, Aitor Rey (Asfaltos Olarra) izan zen azkarrena (25:04). Hor, aipatzekoa da Bergarako Sumofic taldeko Mikel Aristik eta Eneko Lizarraldek egindako lana, bosgarren eta seigarren: "Gipuzkoakoan ez genuen proba honetara sailkatzea lortu, baina azkenean gonbidatu egin gaituzte.
Hala, guretako pozgarria izan da etxean korritzearekin batera aurrealdean ibiltzea, hor egoteko gauza ginela erakustea", adierazi zuen Lizarraldek (25:48). Bergarako onenaren saria, baina, Aristik jaso zuen (25:28). Domekan, berriz, gazte mailako lasterketa irabazi zuen Aristik Donostian.
23 urtez azpikoetan, Seguros Bilbaoko Omar Fraile gailendu zen (35:43), nahiko eroso, gainera. Frailek duela hilabete gutxi erakutsi zuen, Gorlako Igoeran, aldapa gora bikain moldatzen dela, baina zapatuan beste ezuste bat eman zuen santurtziarrak, erlojuaren kontra trebea dela erakutsiz. Ziklista osoa da, eta Euskaltelen ere jabetu dira horretaz; fitxatu dute dagoeneko.