Arrasaten zentralizatuko dute larrialdi farmazia zerbitzua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 27a

2012ko urtarrilaren 1etik aurrera Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzako herritarrek larrialdi farmazia zerbitzua Arrasaten izango dute bakarrik. Hau da, hiru herri horietako zerbitzua Arrasaten zentralizatuko da. Arrazoia da herri horietan zerbitzu horren erabiltzaile kopurua osoa baxua dela. Gipuzkoako sendagileen elkartearen  helburua da urgentzia medikua ematen den herriarekin bateratzea larrialdi farmazia zerbitzua. Bergaran, bestalde, zerbitzua orain arte moduan mantenduko da.

Gipuzkoako sendagileen elkarteak Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaletan eskaintzen zituen txandakako hiru larrialdi farmaziak Arrasaten bateratuko ditu. Beraz, urte berria estreinatzeaz bat ez da larrialdi farmazia zerbitzurik egongo Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzan.

Bergaran orain arte moduan

Bergaran, berriz, orain arte moduan funtzionatuko du. Hau da, urte osoan zehar txandakako larrialdi farmazia bat zabalik egongo da gaueko hamarretatik goizeko bederatzietara.  Horrek esan nahi du Antzuola edo Elgetako herritarrek Bergaran eta Arrasaten izango dutela zerbitzua.

Gipuzkoako sendagileen elkartearen arabera, zerbitzua Arrasaten zentralizatzearen arrazoia da gainerako herrietan eskaria oso baxua izan dela orain arte. Neurri logikoa da, datozen datuei erreparatzen badiegu. Oñatiko San Lorentzo auzoko farmazian emandako datuen arabera, azken bost hilabeteetan Oñatin 44 pertsonak erabili dute zerbitzua. Bataz beste bi erabiltzaile eskas hilero.

Aretxabaleta eta Eskoriatzan, berriz, 20 erabiltzaile izan dira azken bost hilabeteetan. Hau da, bataz beste hilean erabiltzaile bat egon da.

Urgentzia medikua dagoen lekuan eskaintzea

Helburua da urgentzia medikua ematen den herriarekin bateratzea larrialdi farmazia zerbitzua. Izan ere, azken bost hilabeteetan Arrasaten 675 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak, ospitaletik botika eskatzera zuzenean joan direnak. Beraz, hilean 17 erabiltzaile inguru izan dituzte bataz beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak