Arrasate Margo Taldeko Raquel Perez de Arenazak ireki zuen inaugurazio ekitaldia. Hitz politak eta goxoak izan zituen taldeko askorendako irakasle eta eredu izan zenarentzat: "Zu izan zara, guretako, pinturazaleendako, inspirazioa. Aire zabala margotzen ikusten genuen pintore bakarra, eta lotsa apur batekin zure albora gerturatzen ginen aholku bila".
Joxe Mari Velez de Mendizabalek ere hartu zuen hitza eta "bihotza eta burua" erabiltzen zuen paisajista zela esan zuen: "Paisajista zen, baina salataria. Bere pintzelarekin salatu egiten zuen". Velez de Mendizabalaek koloreek Galartaren obran izan duten garrantzia eta presentzia azpimarratu zituen: "Garai hartako Arrasate grisa kolorez betetzea lortu zuen".
Erakusketa uztailaren 17ra arte egongo da zabalik. Horrez gain, Julio Galartaren obraren katalogoa ere argitaratu dute, 10 euroren truke salduko dena.