Ekimena Euskal Herriko hainbat txokotara helduko da. Hala, Bilboko Kafe Antzokia, Iruñeko Kalaska gunea, Urretxu-Zumarragako Gaztetxea, KK in Zona komunikazio proiektua, Lazkaoko Maizpide barnetegia, Zornotzako barnetegia, Lasarteko Jalgi Kafe antzokia, eta Hernaniko Zumitza tabernak ere egin dute bat ekimenarekin. Eta antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, "sarea zabaltzen hasi besterik ez da egin".
Emanaldia borobiltzeko, solasaldia
Ikus-entzunezkoaz gain, AEDk gaian sakontzeko solasaldiak antolatuko ditu. Hala, proiekzioaren ostean solasaldi txiki bat egingo dute, gaiarekiko lotura, lekukotza edota ezagutza duen gonbidatu bereziren batekin. Solasaldi hori gidatzeko kazetari bat ere gonbidatuko dute emanaldi bakoitzerako.
Lehena, urriaren 26an
Lehen emanaldia datorren eguaztenean, hilak 26, izango da Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan (19:00). Egun horretako proiekzioa Santi Brouard. Duintasuna omen izeneko dokumentala izango da. Lekeitioko Euskal Herria Osagai herri ekimenak ekoiztu zuen duela bi urte, GALek tiroz hil zuela 25 urte bete zirenean, eta Brouarden bizitza eta ekinbide politikoari begirada sakona egiten zaio hainbat pertsona ezagunen bitartez: Arnaldo Otegi, Xabier Arzallus, Jean Louis Davant…
Emanaldiak ordubete eskas iraungo du eta, bukatu ostean, Gontzal Landa kazetariak solasaldi labur bat izango du eguneko gonbidatuarekin. Xabier Zubizarreta Txiron izango da, Brouarden militantzia eta arrastoaren inguruan mintzatuko dena.
Bigarrena, azaroaren 30ean
Azaroaren 30ean, berriz, Salda badago dokumentala izango da ikusgai, ordu eta toki berean. Ikus-entzunezko horrek 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Ingalaterra eta AEBko musikaren eraginez, euskal musikan eman zen leherketa du gai. Orio ekoiztetxearena da lana, Eriz Zapiainek zuzendua, eta emanaldiaren osterako Txerra Bolinaga RIP talde mitikoaren sortzaileetako bat izango da gonbidatua, Iker Barandiaran kazetariarekin batera.
Emanaldietara gerturatzen direnek ARGIAren eskaintza berezi batez gozatzeko aukera ere izango dute, hau da, hilabete batez astekaria doan eskuratu ahal izango dute.