Munduko Landagunean diharduzu. Zer da eta zein bere zeregina?
Munduko Landagunea familia nekazaritzaren aldeko presio taldea da. Landa-garapenaren inguruko hainbat erakunde, elkarte, ikerketa zentro eta GKEkin batera lan egiten duen foroa da. Egoitza Gasteizen duen arren, nazioarteko izaera du eta Afrika, Amerika, Asia eta Europako erakunde zein pertsonek osatzen dute. Bere izate juridikoa GKE batena da eta landa garapenaren inguruan ezagutza sakondu, eragileen esfortzuak bildu, gizartea sentsibilizatu, eta garapen proposamenak aurrera ateratzeko lan egiten du.
Familia nekazaritza: mundua elikatu, planeta zaindu izeneko Munduko Biltzarra antolatu duzue Bilbon urriaren 5etik 7ra. Zer da familia nekazaritza?
Familia nekazaritza, familian oinarritutako nekazaritza eredu bat da. Familiako kideek lan egiten duten ustiapenak aintzakotzat hartzen ditu eta lantzen duten lurrarekiko duten erlazioan jartzen du arreta. Munduan, gaur egun 3.000 milioi lagun bizi dira landa guneetan. 2.500 milioi nekazariak dira, eta ehunka milioik ere landa guneetan egiten du lan, soldatapean. 1.500 milioi lagunek bi hektarea baino gutxiagoko 404 milioi lursail lantzen dituzte, gehienak hektarea bat baino txikiagoak dira. Eta nekazaritza industrialean lan egiten duten langileak ez dira 20 milioi baino gehiago. Mundu osoan dagoen nekazaritzaren gehiengoak osatzen duen eredua da, eta estrategikoa da ekonomikoki, sozialki eta kulturalki duen garrantziagatik, eta lurraldeekiko eta ingurumenarekiko duen erlazioagatik.
Ze gaitasun ditu?
Familia nekazaritza, nekazal ekonomia eredu bat izateaz gain, elikagaien produkzio jasangarriaren oinarria da elikadura segurtasun eta subiranotasuna lortzeko bidean, baina hori ezingo litzateke posible izan, landaguneko eta itsasoetako ingurumen eta biodibertsitatearen gestio adeitsu eta jasangarria egingo ez balu.
Bilboko biltzarrean nork hartuko du parte?
Bost kontinenteetatik etorritako nekazaritzarekin lotutako eragileek: nekazari elkarte, GKE, ikerketa zentro, nekazal sindikatu eta landa-erakundeetako ordezkariak. Besteak beste, Afrikako Ekialdeko eta Mendebaldeko Nekazari Elkarteen Federazioen, FAO eta FIDAko kideak, eta hainbat herrialdetako nekazaritza ministerioetakoak.
Eta zein da helburua?
Familia nekazaritzaren inguruan eta horrengan eragina duten gaien inguruan eztabaidatzeko une eta gune aproposa izango da, mundu osoko eragile askok parte hartuko baitu. Familia nekazaritza, garapen eredu eta gose eta pobreziaren aurkako tresna egoki moduan aztertu eta bultzatzea da helburuetako bat, gerora erakunde bakoitzak bere herrian egiteko lana koordinatu eta sinergiak errazteko bide bat ere izango da, erakunde ezberdinen artean erlazioak sendotuz. Horren ildora, Nazio Batuek Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izendatu dezaten ere lan egiten ari gara, gobernuek Familia nekazaritzaren aldeko politikak bultzatzeko. Munduan 1.000 milioi pertsona goseak eta malnutrizioak jota bizi dira. Paradoxikoa da, kontuan izanda, landa guneetan bizi direla, jaten eman diezaiekeen lursailez inguratuta. Ezin dute ordea lur hori landu, gobernuen politika okerrengatik.
Biltzarrarekin batera, Bilbotik kanpo hiru hitzaldi ere egingo dituzue, bat Arrasaten...
Bai, Arrasateko Mundukide eta Donostiako FISC GKEekin batera Garapenerako programa batean lan egiten dugu, eta 3 hitzaldi deszentralizatu egingo ditugu Bilboko Biltzarrera datozen gonbidatuekin. Hitzaldi hauek Donostia, Gasteiz eta Arrasaten egingo
dira, eta Familia Nekazaritzan Emakumeak duen garrantzia, Lurren akaparamendua eta Nekazari Elkarteen
partaidetza Politika publikoetan izango dira gaiak.
Arrasateko hitzaldiari dagokionez, HARREMANen laguntzarekin antolatu da, eta bertan Rigoberto Turra, Txileko Etnia eta Nekazarien Mugimendu Unitarioaren Presidentea eta COPROFAMeko Antolakuntza Idazkaria denak, bere esperientziaz hitz
egingo digu. Bere elkarteko presidentea izanik politika publikoetan parte hartzeko dituzten aukera eta zailtasunen
inguruan jardungo da. Hitzaldia urriaren 5ean izango da, Kulturaten arratsaldeko 7etan.