Testuaren moldaketa Manu Diazek egin du eta zuzendari lanetan, azken urteetan bezala, Javi Burgos ibiliko da. Kontzertua hilaren 17an, egubakoitza, izango da Udal Pilotalekuan, 22:30ean. Emanaldiak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Bergarako Udal Musika Bandak 70eko hamarkadako musikan oinarritutako kontzertua eskainiko du eta ondoren etorriko da Ai Amatxo musikala. "Oso kantu ezagunak joko ditugu, guztiok ezagutzen ditugunak, eta oso dantzagarriak gainera. Aurten zerbait alaia egin nahi izan dugu", kontatu digu Orkestra Sinfonikoko eta Udal Musika Bandako zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaquek.
Kontzerturako sarrerak salgai daude zazpi euroren truke kultura etxean eta Lazkano oinetako dendan.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Hilaren 18an ere, zapatua, Udal Pilotalekua kolorez jantziko da. Azken urteetan bezala, aurten ere Bergarako txikitxoenek Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera ospatuko dituzte Aratusteak. Zazpikoloroa ikuskizuna aurkeztera etorriko dira. Bi saio egingo dituzte: 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak otsailaren 6an eta 7an salgai ipiniko dituzte udal pilotalekuko leihatilan 18:00etatik 21:00etara. Pertsona bakoitzak gehienez 6 sarrera hartu ahal izango ditu. Ikuskizunaren egunean, oraindik sarrerarik egongo balitz, 15:00etan ipiniko dira salgai pilotalekuko leihatilan.
Mozorro afarirako txartelak
Udalak aurten ere mozorro afaria antolatu du zapatu gauerako. Oxirondo azokan egingo da eta otsailaren 12a da txartelak erosteko azken eguna. Depor eta Ariznoa tabernetan eta kultura etxean eskuratu daitezke txartelak 15 euroren truke. Janari berezia behar duenak otsailaren 10a baino lehen jakinarazi beharko du kultura etxean.