Agurne Barruso: "Estatutuetan ere hala jasotzen da, ez dugula zilegi ikusten helburu politikoak lortzeko inongo biolentziarik erabiltzea"

Ubane Madera 2011ko otsailaren 7a

Agurne Barrusok, ezker abertzaleko ordezkariak ezker abertzalearen adierazpen legala aldarrikatu du, alderdi berriaren estatutuen aurkezpenaren harira: "Uste dut momentu politiko honetarako eta herri honek aurrean dituen erronketarako oso ona izango litzatekeela ezker abertzaleak marka legala izatea politikan normaltasunez jarduteko. Uste dut horrek mundu guztiari egiten diola mesede eta ez bakarrik ezker abertzaleari".

Inflexio puntu izango dira gaurko estatutuak, zergatik?
Erantzuten die alderdi berri baten estatutuei eta alderdi berri horrek erantzuten dio ezker abertzalearen estrategia berriari, eta horrek ematen dio inflexio puntua, egoera berrira egokitutako estatutuak direlako.

Indarkeria mota guztiak errefusatuko dituzte estatutuek, ETArena barne.
Iruñean egindako agerraldian esan genuen formazio politiko hauen estatutuek legea beteko zutela, legea betetzen dute, eta batetik horri erantzuten dio afirmazio horrek; eta bestetik ez da lehen aldia esaten dugula azken hilabeteetan eta azken urte osoan, gure estrategia aurrera eramateko bide demokratikoen aldeko apustua egiten dugula eta une honetan eta estatutuetan ere hala jasotzen da, ez dugula zilegi ikusten helburu politikoak lortzeko inongo biolentziarik erabiltzea. 

Hala ere bagabiltza entzuten hori ez dela nahikoa izango alderdia legeztatzeko…
Alderdi honek Alderdien Legea betetzen badu legezkoa izan beharko litzateke; ezin zaio ezker abertzaleari eskatu beste inori eskatzen ez zaiona; bestetik uste dut momentu politiko honetarako eta herri honek aurrean dituen erronketarako oso ona izango litzatekeela ezker abertzaleak marka legala izatea politikan normaltasunez jarduteko. Uste dut horrek mundu guztiari egiten diola mesede eta ez bakarrik ezker abertzaleari.

Hori da izan beharko litzatekeena. Zer izango den? Ez dakit. Nik pentsatu nahi dut zentzua ipiniko dela gauza guztien gainetik, baina lana emango digu. Nik dei egingo nuke denon esku dagoela alderdi hau legeztatzea eta jendartea izan beharko dela Espainiako gobernua bere posizioetatik mugitu araziko duena, hortaz, denon ahalegina eskatuko du honek aurrera bide onetik egin dezan.

Gaur estatutuen aurkezpena; bihar izen berria, ezta?
Bai bihar alderdia bera aurkeztuko dute alderdiko promotoreek. Eta etzi joango dira alderdia erregistratzera.

Besterik gura duzu gaineratu?
Azpimarratu zein inportantzia izan dezakeen, eta ez bakarrik hiru hilabete barru izango diren hauteskundeei begira  baizik eta prozesu demokratikoari begira, ezker abertzaleak adierazpen legala izatea eta ezker abertzaleak politika egin ahal izatea urtetan eskatu zaion moduan eta berak nahi duen moduan, gainontzeko alderdi politikoek moduan; herri honen etorkizunerako oso gako inportantea da hori. Jarri beharko genuke guztiok gure indarrak hori horrela izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak