36ko gerra ikertu gura du AOBTk, auzolana oinarri hartuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 16a

"Erakusketa oinarri edo aitzakia bat da Espainiako gerrak Aramaion izan zituen ondorioak ikertzeko lantaldea sortu dadin". Alex Mendikute Aramaioko Ondarea Berreskuratzeko Taldeko kidearen hitzak dira, gaur bertan Sastiñan irekiko den erakusketaren gainean. Uztailean Murugainen egindako indusketen harira eta Juan Ramon Garai Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak emandako informazioari esker irekiko dute erakusketa.

Baina AOBTren lehen helburua da 36ko gerrak Aramaion eragindakoa ikertzeko lantaldea sortzea: "Auzolanean egingo dugu eta taldeak berak erabaki dezala zer ikertu eta nola", dio Mendikutek. Hala ere, AOBTko kideek uste dute egin beharreko lehen lana dela herriko adinekoengana jo eta "berandu baino lehen" Aramaioko kasuen gaineko informazioa batzea. Hau da, testigantzak ahalik eta lasterren jasotzea "oso garrantzitsua" dela uste dute. Lubakiak lokalizatzen jarraitu beharra ere badago eta baita beste hainbat lan ere.

'Lurgorri' erail zutela 74 urte
Erakusteko elementu larregi ez dute: gerra garaiko zenbait argazki, Aramaioko frontearen bilakaera erakusten duen zenbait plano, orduko epaiak jasotzen dituzten zenbait dokumentu eta banderaren bat edo beste.

Erakusketa Gabonak baino lehen ireki gura zuten eta horregatik aste bukaera honetan bakarrik egongo da zabalik: egubakoitzean (19:30-21:00), zapatuan (19:00-20:30) eta domekan (13:00-14:30). Irekiera eguna borobila izango da, gainera. Izan ere, gaur 74 urte beteko dira Jose Mari Azkarraga Lurgorri erail zutela. Hondarribikoa izan arren lotura handia zuen Aramaiorekin. Idazle ona eta iraultzailea, Aramaioko EAJn sartu eta Amaiur batailoiko kidea izan zen.

Bertsoak eta literatura aurkezpenean
Eguna bera berezia izanik, erakusketa irekitzeko aurkezpen ekitaldia ere berezia izango da.  Ekitaldia 19:30ean hasiko da: Manex Agirre eta Jokin Labayen bertsolariek agur bertso bat abestuko dute eta gero Eneko Barberena literaturagile arrasatearrak testu bat irakurriko du. Amaitzeko, Espainiako Gerraren gainean Joseba Tapia musikari ospetsuak idatzitako bertso batzuk abestuko dituzte Labayen eta Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak