Aste honetan aurkeztu da Interneten ere, lehen hitza euskaraz ekimena, PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak elkarlanean bultzatu duten ekimena Interneten euskarak duen erabilera handitzeko helburuarekin. Izan ere, euskal hiztun gehienek gaur egun bai mugikorra eta baita nabigatzailea euskara ez den hizkuntza batean erabiltzen dute eta honek, kalte itzela egiten dio euskarari bi zentzutan: erabiltzaileak webguneak ikusterakoan beste hizkuntza bat lehenetsiko duelako eta garatzaileek erabilera urria ikusita ez dutelako kontutan hartuko euskara aplikazio eta webgune berriak garatzerakoan.
Orain arte zabalkunde nabarmena izan du ekimenak bai sare sozialetan eta baita hainbat komunikabide, udal, eskola eta bestelako erakundeen webgunean. Goienak ere bat egiten du ekimen honekin eta bere irakurleak animatzen ditu beraien nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzera, eta baita kanpaina honen zabalkundean lagun dezaten beraien webgunetan kanpainarako diseinatutako widgeta jarriz.
Interneten euskararen erabilera bultzatzea nahi izanez gero, egin beharrekoa oso erraza da. Azpiko irudian “Dirudienez, ez zara ari euskaraz nabigatzen” esaten badu, gainean klik egin eta ekimenaren webgunea zabalduko da. Bertan, nabigatzailea eta mugikorra euskaraz jartzeko jarraibideak azaltzen dira eta baita prozesu hau errazten duten plugin batzuk instalatzeko aukera.
Nabigatzailea nola konfiguratu
Nabigatzailearen ezarpenetara joan behar da eta bertan euskara lehenetsi nabigazio hizkuntza bezala. Nabigatzaile bakoitzak bere era du egiteko baina Wikipediak badu sarrera bat nabigatzaile erabilienetariko batzuetan pausu hau nola egiten den azaltzen duena. Bertan aipatzen diren nabigatzaileak Mozilla Firefox, Google Chrome, Internet Explorer, Safari eta Opera dira, eta hauetaz gain, Chromium eta Microsoft Edge ere jarri daiteke euskaraz besteak beste.
Era errazago bat ekimen honetarako garatu duten plugina instalatzea da eta zuzenean nabigazio hizkuntza aldatzea. Momentuz Firefox eta Chromerako bakarrik daude pluginak baina Opera eta Edgerako ere garatzen ari dira. Azpiko nabigatzailearen ikonoaren gainean klik eginda instalatu daiteke plugina.
Mugikorra nola konfiguratu
Mugikorrean ere ezarpenetatik egin behar den pausua da eta mugikor batzuek ez dute euskara hizkuntza bezala aukeratzen uzten. Erabilitako modeloaren eta sistema eragilearen bertsioaren arabera prozesua desberdina izango da ere, baina kasu honetan Android sistema eragilea erabiltzen duten horientzat aplikazio bat sortu dute prozesua errazteko asmoz. Aplikazioa azpiko irudian klik eginez eskuratu daiteke.