goiena.eus

Goienako irakurleen %95ak euskara ez den beste hizkuntza batean du nabigatzailea

  Teknologia  Debagoiena

Informazio Gizartearen Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a, eta honen harira ospatzen da Euskarazko Interneten II. Eguna Azpeitian. Bertan Interneten ere lehen hitza euskaraz ekimena aurkeztuko da, euskarazko nabigazioa lehenestea helburu duena.

Nabigatzaileak instalatzerakoan erabiltzen den hizkuntzari kasu gutxi egiten zaio orokorrean. Kasu gehienetan, bai sistema eragilearekin datorren nabigatzailea baita beste bat instalatzen bada ere, gazteleraz edo ingelesez egon ohi dira. Berdina pasatzen da mugikorreko sistema eragilearekin. Zein hizkuntza aukeratzen den bertan garrantzi gabeko zerbait bezala kontsideratzen bada ere, garatzaileentzat garrantzia handiko datua da. Datu honekin garatzaileek zein hizkuntzatarako garatuko den webgune bat edo aplikazio bat erabakitzen dute, beraz, euskarak duen presentzia txikia bada ez dute garatzeko hizkuntza bezala kontsideratuko.

Adibidez, Goienaren kasuan, bere webgunera sartzen den %88ak gazteleraz du nabigatzailea eta datu honi kasu eginez gero, edukiak hizkuntza horretan argitaratuz gero irakurleen gehiengoarengana helduko litzakeela adieraziko luke. Goienaren kasuan pentsaezina da hau gertatzea, baina beste edozein enpresak bere edukiak garatzeko irizpide hori hartuko balu, euskarazko nabigazioak %5a suposatzen badu ez du hizkuntza hau inoiz kontsideratuko, erabiltzaile kopuruak ez duelako hizkuntza berri bat gehitzeko kostua konpentsatzen.

PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax, Ikastolen Elkartea eta Kontseiluaren arteko elkarlanetik sortu da Interneten ere lehen hitza euskaraz izeneko ekimena, interneteko nabigatzaileak eta mugikorreko sistema eragileak euskaraz jartzea helburu duena. Honen inguruan sentsibilizatzeko edozein webgunetan txertatu daitekeen widget bat aurkeztu dute, zeinek euskaraz nabigatzen ari zaren edo ez esaten duen eta nabigatzailea euskaraz jartzeko irizpideak ematen dituen. Goienako irakurleen artean erabilienak diren Chrome eta Firefox nabigatzailetarako plugin bat ere garatu dute, nabigazio hizkuntza automatikoki aldatuko duena euskaraz ez den kasuetan .

Interneteko Nazioarteko Eguna dela aitzakiatzat hartuta, Azpeitian egingo den ekitaldian aurkeztuko dute ekimena eta pertsona orori beraien webgunetan widgeta txertatzera animatzen dute sustatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa