goiena.eus

Fagor CNAko langileen ordezkariak: "Itxieraren atarian egon gintezke, nahiz eta zuzendaritzak ez onartu begi-bistakoa dena"

  Ekonomia  Arrasate  Debagoiena  Eskoriatza

Bizi duten egoerarengatik eta enpresaren etorkizunarengatik duten kezka eta larritasuna partekatu dituzte Fagor CNAko langileen ordezkariek prentsaurrekoan. Uste dute oraingo egoeraren arrazoiak "zuzendaritzaren erabaki okerrak, salmenta estrategia antzuak eta etengabeko inprobisazioak" izan direla. Eta behin eta berriro exijitu dute informazioa, datorren asterako mobilizazioak iragartzeaz batera.

Hain justu ere, bost aldarrikapen egin dituzte: "Enpresaren benetako egoeraren eta eskuartean darabilten asmo berrien informazio guztia".  Azpimarratu dute, halaber, "enpresaren bideragarritasunean sinesten" dutela, "proiektu honek etorkizuna dauka neurri batzuk hartu ezkero", diote.

Bideragarritasun plana

Orain arteko eta iragarritako kaleratze berrien aurrean, berriz, berretsi dute plantilla ez dela "arazoa". Eta ildo beretik eskatu dute "Edesa eta Geyserren bideragarritasunak enpleguan ez dezala eragin txarrik izan. Kaleratze espedientea bertan behera uztea eskatzen dugu, ze ezinbestekoa da langileok bideragarritasun plana eta 2017ko gestio plana ezagutzea beste ezer eztabaidatu aurretik".

"Negoziaketarik ez"

"Ez dugu inongo negoziaketarik izango enpresarekin aurreko hiru puntuetan aipatzen diren baldintzak ematen ez diren bitartean" eta "Jaurlaritzaren erabateko inplikazioa eskatzen dugu", gaineratu dute. "Sinesgaitza egiten zaigu enpresaren bilakaerari buruz eman dituzten mezu itxaropentsuak, behin eta berriz beraiekin egoerari buruz partekatu dugun diagnosien ondoren", adierazi dute.

"Partida beste eremu batean"

Hori horrela, bai Jaurlaritzari zein Fagor S. Coop. kooperatibari eskaera zuzena egin diete: "Ez dezatela irteera antzurik babestu, eta eska dezatela inbertitzaile industrial bat barnean duen proiektu berri bat, eta etorkizuneko jarduera Euskal Herrian bermatuko duena".  

Bestalde, "partida beste eremu batean" jokatzen ari direnaren "susmoa" partekatu dute, datorren astelehenerako (09:00etan, Garagartzan) zein eguaztenerako (18:30ean, Arrasateko Herriko Plazan) elkarretaratzeak iragartzeaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa