Mobilizaziotan hasiko dira Edesa Industrialeko langileak

Ubane Madera 2017ko uzt. 11a, 11:52
Edesa Industrialeko Garagartzako plantako langileak, elkarretaratzean.

Egosketa lerroko eta Basauriko produkzioak etenda, Edesa Industrialeko Garagartzako plantako langileek mobilizazioak iragarri dituzte, eguenean hasita. "Jendea urduri dago, ez da gertatzen den lehen aldia; ematen du historia bera errepikatzen dela", adierazi dute Langile Batzordetik.

Ezinegona ezinegon, baina, Rikardo Perezek, Langile Batzordeko presidenteak berretsi du "prest" daudela "enpresa hau aurrera ateratzen laguntzeko"; hori bai,ezinbestekoa den baldintza bat ekarri du gogora: "Horretarako lehenengo egin behar dutena da eszisioko EREa atzera bota".

Bideragarritsun plan sinesgarri beharra

"Eskatzen dugun lehen gauza da 30 kaleratze horien espedientea baztertzea; pentsatzen dugu atzetik bideragarritasun plana dagoela, oraindik ez dakiguna zein den, eta behin hori jakinda, mahaian jarriko ginateke, hori bai, lanpostu denak defendatzen", gehitu du langileen ordezkariak.

Gaur gaurkoz, Edesa Industrialen garbiketa lerroa geldi dago, egosketa geldi dago, Basauriko lantegia geldi dago, "Garagartzan bakarrik berogailuen parte txiki bat martxan dago, eta Eskoriatzako lantegia martxan dago" –20 bat langile, mini-domestikoak egiten–, esplikatu du Perezek.

CNA Taldeak hil honen amaiera alderako agindutako bideragarritasun planaren harira, berriz, "zerbait sinesgarria" aldarrikatu dute langileek, "gu prest gaude, behin aurkeztuta, horren gainean lan egiteko, baina zerbait sinesgarria izan behar du", esan dute.

Eta besteak beste, jakinarazi dute "momentuz erakundeetatik" ez dutela "inolako berririk" jaso, "bai badakigu sindikatuak bilera baten bila dabiltzala erakundeekin", zehaztu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak