Garargartzako egosketa lerroari dagokion produkzioa eten egingo dute, bihar, martitzena. Irailera arte eten ere. Egoera berean daude Basauriko 40 bat langile, termoen produkzioan dihardutenak. Eta Geyserreko beste 21 langileri ere aplikatu diete Enplegua Erregulatzeko Espedientea. "Altxortegi tentsioak" edo bestela esanda, hornitzaileei ordaintzeko dirurik eza da ERE horien arrazoia, CNAko ordezkariek langileei esandakoaren arabera.
EREan dauden Geyserreko langileak uztailaren 19ra arte egongo dira langabezian, ezustekorik ezean; hain zuzen ere, osagarrien eta galdaren gorputzen produkzioko langileak dira EREan daudenak.
Garagartzan 30 bat langile bakarrik
Gauzak horrela, bada, Garagartzan 20-30 langile eskas geratuko dira lanean bihartik: Geyserreko zuzeneko 23 langile eta bestelako zerbitzuetako gutxi batzuk. Horiez aparte, Geyserreko beste 28 langilek, zeharkakoek, oraingoz lanean segituko dute. "Baina batek daki zer gertatuko den; egun batetik bestera gauzak aldatu egiten dira hemen", adierazi du bertako Langile Batzordearen ordezkari batek.