goiena.eus

Heziketa, teknologia moreago baten bidean lehen pausua

  Teknologia  Debagoiena

Zientzia eta teknologia arloetan emakumeak gero eta gehiago dira, baina oraindik bada egin beharreko lan bat. Heziketa tresna garrantzitsu bat da genero berdintasuna lantzeko, eta badira arlo honetan lanean ari diren ekimenak ere.

Asko hitz egin ohi da seme alaben heziketan egin beharreko lanaren inguruan genero berdintasunaren bidean, baina gutxitan aipatzen dira ekintza zehatzak. Are gutxiago STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) anglizismoa osatzen duten diziplinetan genero berdintasunaren harira egindako sentsibilizazio ekintza konkretuen inguruan. Izan ere, STEAMetan berdintasuna eta genero aldetik normalizazio egoera batera iristeko beharrezkoa da txikitatik neskengan ere bokazio zientifikoa sortzea.

Euskal Herrian bada ekimen interesgarri bat, STEAMetan lanean ari diren emakumeen lana lehen hezkuntzako haurren artean ezagutzera eman eta diziplina tekniko eta artistikoetarako interesa piztea helburutzat duena. Inspira proiektua sentsibilizazio eta orientazio proiektuetan oinarritzen da eta emakumeek haurrei beraien esperientziaren bitartez, inguruan dauden estereotipoen edota historian emakumeek eta zientziak izan duten loturaren inguruan hainbat saio eskaintzean datza. Parte hartzen duten emakume guztiak hezkuntzan, enpresatan, ikerketan edota kudeaketan lanean ari dira, betiere STEAM diziplinatan zerikusia izanik, eta beraien parte hartzea ekimen honetan borondatezkoa da. Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar Fundazioak sustatzen dute Inspira eta proiektu pilotuan 11 ikastetxek hartu zuten parte, tartean, Arrasateko Arizmendi Ikastola.

Ikastetxeetan egindako lana garrantzitsua den arren, heziketa ez da bertara mugatzen eta norberak bere etxean era samurrean landu dezake gai hau bere seme alabekin. EIMA euskarazko ikasmaterialaren katalogoaren barnean bada jolas interesgarri bat, Emakumeak eta Teknologia izenekoa, haur eta nerabeek generoak egungo esparru teknologikoan duen baldintzatzeari buruz gogoeta egiteko. Hau da, jolas honen bitartez emakumeek arkitekturan, informatikan edota bioteknologian duten presentzian zehar bidaia egingo du ingurune birtual batean, eta historian zehar izan diren emakume asmatzaileak ezagutzeko aukera ere izango du. Jokoa interneten dago eskuragarri eta 12-16 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago batez ere, baina gazteagoak ere jolastu dezakete.

STEAM diziplinatan berdintasuna lortzeko oraindik lan eskerga egin behar da. Hala ere, bada honetaz arduratu eta lanean diharduenik ere. Zientzia, emakumeen gauza ere badelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa