goiena.eus

Teknologia morearen bidean, saretzen

  Teknologia  Debagoiena

Emakumeen arteko elkarlana sustatzeko eta emakumeak teknologiara gerturatzeko asmoz, hainbat sare aurkitu daitezke sareen sarean.

Sarean ere aurki daitezke emakume sareak. Ingurune digitaletan eta fisikoetan saretzen dira emakumeak, emakumeei zuzenean eragiten dieten gaien inguruan edota beraien jarduera profesionalaren inguruan saretzen dira, esperientziak elkartrukatzeko helburuarekin gehienetan, baina baita beste helburu batzuekin ere. Zientzia, ikerketa eta teknologia arloan ere saretzeko aukera dute emakumeek, sare lokalagoetan eta globalagoetan parte hartzeko aukera izanik.

Esperientzia profesionalak trukatzeko eta proiektu profesionalaren eraikitze prozesuan orientazioa jasotzeko helburuarekin jaio zen WomanSarea. Pertsonen eta erakundeen garapenaren eta berrikuntza kulturaren inguruan mugitzen den taldea da, teknologia berrietaz baliatuz, egungo erronkei sormenaren bitartez erantzun bat ematea bilatzen duena. Ikasle, ekintzaile, langabetu, profesional, zuzendari eta jubilatuak diren emakumeei zuzenduta dagoen sarea da eta interes taldetan elkartzen dira beraien esperientziak, kezkak eta ezagutza trukatzeko. Gaur egun, bi mila erabiltzailetik gora daude eta 362 interes talde daude.

Zientzia eta teknologiarekin zuzenean lotutako hainbat sare ere badaude. AMIT, emakume ikerlari eta teknologoen Espainia mailako elkartea da eta 2002 urtetik martxan dago. Bere helburua aukera berdintasuna sustatzea da zientzia eta teknologia arloan. Womenteck sarea Asociación Mujeres y Tecnología elkarteak bultzatutako sarea da, ingurune teknologikoetan emakumearen presentzia handitzeko eta hobetzeko helburua duena. Teknologia berrietan, komunikazioan eta IKTetan zentratzen da gehienbat. Euskal Herri mailan Gabiltza proiektua jarri zen martxan, emakume adituen biltoki digitala izateko nahiarekin, batez ere hedabideek emakume aditu eta arituen datu base bezala erabiltzeko eta bide batez, emakumeen lana ezagutaraztera emateko.

Nazioartean badaude hamaika sare arlo desberdinetan eta baita teknologia arloan ere. The Women’s Room Gabiltza proiektuaren ahizpa nagusia da, non mundu osoko emakume adituak biltzen diren ahots kolektibo bat sortzeko eta beraien lana nabarmentzeko asmoarekin. Ladies Learning Code aldiz, emakumeak programaziora eta IKTen arlora hurbiltzeko helburuarekin sortutako komunitatea da. Kanadan jaio zen eta izaera oso lokala duen arren ekimen oso interesgarria da, Euskal Herrira ekartzeko modukoa. Esperientziak partekatzeko tokia izateaz aparte, hainbat ikastaro ere ematen dituzte Kanada osoan zehar.

Azkenik, emakume ekintzaileen sareak ere badira. Euskal Herrian esaterako, EmakumeEkin dago, emakumeei beraien ekintzailetza prozesuetan laguntzeko helburua duena eta hainbat sektoretako esperientziak trukatzeko aukera ematen duena. Bestalde, Juntas Emprendemos sareak ere badu presentzia Euskal Herrian, baina kasu honetan, emakumeen ekintzailetza kooperatibak eta kooperatiben arteko elkarlana sustatzea du helburu.

Beraz, badira hainbat aukera emakume sareetan parte hartzeko, ezagutza partekatzeko, esperientziak trukatzeko eta norberaren lana nabarmenagoa egiteko. Baita, zientzia, berrikuntza, teknologia eta ekintzailetza bezalako ingurunetan ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa