PuntuEUS Behatokiak antolatuta mahai ingurua egingo dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean emakumearen egoera aztertzeko ingurune digitaletan. Bertan, Edurne Larraza UEUko informatika saileko kideak, Lorea Argarate ekintzaileak, Lore Martinez ikertzaileak eta Elisabeth Pombo Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzaileak parte hartuko dute. Moderatzaile lanetan aldiz, Lorea Arakistain komunikazioan aditua ibiliko da.
Behatokiaren neurketen arabera, .EUS domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez dira emakumeak eta horrek sortzen dituen kezkaren inguruan eta emakumearen presentzia eta jardunaren inguruan ere arituko dira.
Behatokia PuntuEus Fundazioaren ekimena da eta euskarak Interneten duen egoera neurtzea du helburu, neurketak urtean behin egiten direlarik. Horretarako hiru alor neurtzen dira: .EUS domeinuen egoera, Interneten egoera Euskal Herrian eta euskararen egoera Interneten. 2016ko neurketaren emaitzak gaurko mahai inguruaren aurretik aurkeztuko ditu Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak. Izan ere, emakumeak interneten duen presentzia ere neurtu du aurten Behatokiak eta PuntuEUS Fundazioak emakumeen presentzia areagotzeko prezio berezi bat jarri du domeinuak erregistratzerako orduan martxoaren 12a arte.
Ekitaldia gaur, astelehena, martxoaren 6an, arratsaldeko 18:00tan izango da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hala ere, bertaratu ezin dutenentzat streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Berriaren webgunetik.