Goienaren aplikazioa saritu du Gipuzkoako Diputazioak

Eneko Azkarate 2016ko aza. 30a, 08:59

Tokikom-en aplikazioa darabilten hedabideetako ordezkariak saria jaso ostean, tartean, Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabal.

Goienaren aplikazio berria saritu dute GipuzkoAPPs 2016 lehiaketan, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten laugarrenez antolatu duen lehiaketan. Eskuko telefono zein tabletetarako aurten garatutako aplikazioak aipamen berezia lortu du. Garaikurra, 3D inprimagailu baten egina, eta 2.500 euroko saria.

Euskarazko toki komunikabideak biltzen dituen Tokikom elkarteak garaturiko aplikazioa da Goienak eskaintzen duen aplikazioa. Goienak bezala, Anboto, Baleike eta Erran tokiko komunikabideek ere badarabilte Tokikomek diseinatu duen eta saria eskuratu duen aplikazioa.

Joxe Rojas, aplikazioaren gaineko azalpenak ematen.

Bart egin da sari banaketa ekitaldia Foru Aldundian. Lehiaketaren finalera heldu direnek aukera izan dute gailu mugikorretarako GipuzkoaAPPs sarien laugarren ediziora beren aplikazioak aurkeztu dituzten Gipuzkoako 26 enpresa eta profesionalen artetik finalera iritsi diren bost aplikazioen ezaugarriak ezagutzeko. Goienaren edo Tokikomen aplikazioaren gaineko zehaztasunak Jose Rojasek eman ditu.

Finalisten aurkezpenak entzun ondoren, epaimahaiak erabaki du Dinycon Sistemas enpresak sortutako Atpoints izeneko aplikazioari ematea lehen saria: 10.000 euroko saria. Hurbileko marketinera bideratutako proiektu bat da saritu dutena, erabiltzailearen interesen araberako denden lokalizazioa errazten duen tresna, hain justu ere.

Bigarren saria Euskal Editorea enpresaren Berria APP izan da, 6.000 euroko saria jasoz.

Hirugarren saria Akting Ingeniaritza enpresak diseinatutako Gaztea aplikazioa izan da, 4.000 euroko sariarekin.

Garikoitz Agote Berrikuntzako zuzendariak eman dio saria.

Markel Olano diputatu nagusiak zoriondu egin ditu lehiaketako parte hartzaileak eta irabazleak. "Gure ekonomiak bizi duen testuinguruan, berebiziko garrantzia du enpresen eraldakuntza bultzatzeak. Eta testuinguru horretan ezinbestekoa da teknologia berriak bultzatzea maila guztietan, horien artean aplikazioak, bultzatzen eta laguntzen ari garen eraldakuntza horren oinarri direlako hainbat arlotan", azaldu du.

Aurtengo otsailean hasi zuen Goienak aplikazio berria erabiltzaileei eskaintzen, lehen zuen bertsioaren gainean. 532 pertsonek zuten aurreko bertsioa instalatuta. Hortik abiatuta, beste 534 instalazio berri izan ditu. Gaur egun, 1.066 gailutara jaitsi dute erabiltzaileek Android-en. Apple-en ere eskaintzen da. Doan jaits daiteke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak