Udalerri aktiboagoak izan guran

Julen Iriondo 2016ko aza. 2a, 11:47

Jaurlaritzak, Mankomunitateak, Kirolaren Euskal Eskolak eta Bergarako Udalak antolatuta, jardunaldia egin dute goizean Zabalotegin. Hainbat erakunde eta esparrutako –kirola, osasuna eta gizarte zerbitzuak– profesionalak, 100 inguru denera, izan dira jardunaldian. Sarean lan egitea dute erronka, gizarte aktiboagoa eta osasuntsuagoa lortzeko.

Eusko Jaurlaritza Mugiment izeneko plan estrategikoa ezartzen ari da, jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko plana, sedentarismo hori baita herrialde garatuetan gaixotasun kroniko nagusiak garatzearekin lotutako faktore nagusietako bat.

Mugiment ekimenetik sortutakoa da gaur Bergaran egin duten jardunaldia. Jaurlaritzako eta EAEko hainbat udalerri eta eskualdetako ordezkariek parte hartu dute, eta hainbat azalpen eta esperientziaren berri eman.

Elena Lete alkateak egin du jardunaldien aurkezpena, eta Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzaren helburuekin guztiz bat egiten duela nabarmendu du: “Herritar aktiboen kopurua handitu nahi dugu Udalean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Plan Estrategikoaren bitartez. Eta, zorionez, ez gaude bakarrik ahalegin horretan. Garbi dugu bide horretan ezinbestekoa dela herritar, elkarte, erakunde zein ikastetxeen arteko elkarlana. Nork bere aldetik bakarrik lan eginez gero ez baikara eraginkor izango. Sarean eta elkarlanean lan egitea guretzat ez da berria, urteak daramatzagu gizarteko arlo desberdinetan modu horretan lan egiten: merkataritza, kultura, kirola, jaiak…”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak