Mugikortasun Plan berria izango du Arrasatek

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko api. 24a, 17:42

Mugikortasun Jasangarrirako Udal Plan berria lantzen ari da Arrasateko Udal Gobernua eta diagnosia osatzeko datuak biltzen ari da orain. Behin diagnosia eskuetan, herritarren eta eragileen iritziak jasoko dituzte, ekainean. Ondo bidean, urte bukaerarako prest egongo da plana.

2018-2023 epeko Mugikortasun Plana ebaluatu ostean, datozen bost urteetarako plana osatzeko lanetan ari da Arrasateko Udal Gobernua. Otsailean abiatu zuten horretarako prozesua, Intra enpresarekin elkarlanean, eta garbi dute, txikitasunetik bada ere, jasangarritasunaren alde egiteko garaia dela. Hori dela eta, mugikortasun moduak eta ohiturak aldatzea sustatuko duen plan bat izango dela nabarmendu dute. Hori hala izanik, hainbat helburu jarri dituzte, Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasuna Saileko zinegotziak azaldu duenez, baina nagusiak hiru dira.

Batetik, oinezkoen mugikortasuna modu seguru batean bermatzeko aukerak landuko dituzte. "Faktore asko daude baina, genero ikuspegitik, emakumeok eta gizonezkoak ez gara berdin mugitzen, ez ditugu behar berdinak, eta segurtasun pertzepzioa ere desberdina da. Beraz, hori kontuan hartuko du planak".

Bestetik, ibilgailu pribatuetatik garraio publikorako trantsizioan, autobusen eta herribusaren lineak berriro aztertuko dituzte. "Horrela, ikusiko dugu zerbitzu egokia ematen duten edo ez". Horrez gain, taxien zerbitzuak gainbegiratuko dituzte eta taxi-bus zerbitzua aztertu.

Hirugarrenik, bizikleten mugikortasuna hobetzea gura dute. "Bidegorri sarea osatzen joan da, baina ez da sare jarraitu bat eta hori da gura duguna, praktikoa eta funtzionala izateko".

Horiez gain, bestelako helburuak ere aipatu ditu Etxeberriak: "Eskola ibilbide seguruak egitea, gizon-emakumeen arteko segurtasun-pertzepzioari erreparatuz espazio seguruak sortzea, bizikletentzat ibilbide funtzionalak egitea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak ezartzeko aukera aztertzea edota aparkalekuen behar erreala aztertzea".

Diagnosia egiteko datuak biltzen

Etxeberriak adierazi duenez, gaur-gaurkoz, datuak batzen ari dira, diagnosia egiteko, eta horretarako hainbat bide ari dira erabiltzen. Batetik, herriguneko ibilgailu kopurua neurtu zuten duela hilabete eta bestetik, udaltzainekin eta udal teknikariekin ere hainbat elkarrizketa egin dituzte; ez bakarrik hirigintzako teknikariekin, baita beste hainbat sailetakoekin ere. "Guztien ekarpenak jaso gura izan ditugu".

Herritarren parte-hartzea, ekainean

Bildutako datu eta informazio horrekin diagnosi bat osatuko dute, herriko mugimendu-fluxuak aztertuko dituena. Txosten hori ekainerako prest izatea da Gobernuaren aurreikuspena eta ekainaren bigarren astean hasita, herritarrekin hainbat saio egingo dituzte.

Hala, ekainaren 10etik 30era arte inkesta bat betetzeko aukera izango dute herritarrek udal webgunean, proposamenak eta ekarpenak egin ahal izateko, eta ekainaren 13an saio ireki bat ere egingo dute. "Planak duen garrantzia kontuan hartuta, prozesuan parte hartzeko dei egin diegu herritar guztiei", dio Etxeberriak.

Behin hori bukatuta, uztailean eta abuztuan aztertuko dituzte proposamen guztiak, irailean aurkeztu eta ondoren plana osatu ahal izateko.

Urte amaierarako prest

Ondo bidean, beraz, urte bukaerarako prest izango dute Mugikortasun Plan berria. Izan ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ere berritzekotan da Gobernua eta horretarako, ezinbestekoa da Mugikortasun Plana finkatuta izatea.

Udala auzora autobusak

Plan horretan, landa-auzoetako mugikortasunari arreta berezia jarriko dietela azaldu du Maider Morras alkateak. "Behar bereziak dituzte eta dagoeneko lanean ari gara landa-auzoetako alkatetzekin, behar horiek identifikatzeko".

Norabide horretan, berrikuntza baten berri ere eman du Morrasek. "Aztertzen ari gara uztaileko asteburuetan Udalara joateko autobus zerbitzua jartzea. Proiektu pilotua izango litzateke, helburu jakin batekin, Udalan auto pilaketak ekiditea. Ondo funtzionatuz gero, zerbitzua egonkortzen saiatu eta lizitazioan sartuko genuke", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak