Ikasgela ibiltaria Arrasaten dago gaur

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko uzt. 14a, 12:58

Ikasgela ibiltaria Arrasaten.

Gaur, goiz eta arratsaldez Biteri plazan dago ikasgela ibiltariaren autobusa. Helburua 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteak teknologiara hurbiltzea eta estereotipoak apurtzea da. Izena aurrez eman behar bada ere, arratsaldean gerturatuz parte hartzeko aukera dago (lekua baldin badago). Hurrengo egunetan Eskoriatza eta Bergaran ere egongo da.

Ekainaren 29tik uztailaren 30a bitartean Gipuzkoako herri ezberdinetatik pasatuko da ikasgela ibiltaria. Kode Eskolak zuzendutako 45 minututako programazio tailerrak egiteko aukera dute 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek.

Orain arte egon diren herri gehienetan ikastaroak "arrakastatsuak" izan direla diote irakasleek; parte hartze handiena izan duten herrietan 130 partaidetara heldu dira. Normalean, herrietara joan aurretik udalekuetako arduradunekin hitz egiten dute, beraien jardunean ekintza hauek barneratzeko. Hala ere, antolatzaileen arabera, Arrasaten ez da posible izan, harremanetan jarri zirenerako udalekuetako programa itxita zegoelako. Hori dela eta, momentuz haur eta gazte gutxi hurbildu dira goizeko hamarretan hasi diren saio ezberdinetara. Arratsaldean, udalekuak ez daudenez, jende gehiago hurbiltzea espero dute.

Gaurko tailerrak:
10:00 Programatu (12-16 urte)
11:00 Scratch ezagutu (8-12 urte)
12:00 Bideo-jokoak sortu (8-14 urte)
13:00 Programatu ordenagailurik gabe (8-12 urte)
16:00 Programatu ordenagailurik gabe (8-12 urte)
17:00 Bideo-jokoak sortu (8-14 urte)
18:00 Webgunean programatu (12-16 urte)
19:00 Programatu II (14-16 urte)

Programazioarekin lotutako estereotipoak haustea helburu

Tailerreko irakasleen helburua informatika eta programazioari lotuta dauden aurreiritziak aldatzea da. Gai hauek sarri "frikiei lotzen zaie, batez ere mutilentzako dela pentsatzen da eta zaila dela uste dute gehienek" dio ikastaroko irakasle batek. "Gure helburua haur eta gazte guztiengana hurbiltzea da, zaila ez dela erakustea eta denentzako dela; gainera baliabideak ematen dizkiegu beraien aldetik ikasten jarraitzeko hala nahi izanez gero".

Ikasgela ibiltaria laster Eskoriatza eta Bergaran

Uztailaren 18an, martitzena, Eskoriatzan, herriko plazan egongo da ikasgela ibiltariaren autobusa, eta uztailaren 27an, egubakoitza, Bergaran. Tailer guztiak doakoak izango dira baina aurrez izena eman beharko da bertan parte hartzeko, honako formularioa betez. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero Gipuzkoan Gazte webgunera, info@kode-eskola.eus helbidera edo 943 00 03 33 telefonora deitu daiteke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak