Ikasgela ibiltaria Debagoienean uztailean zehar

Jokin Guridi 2017ko uzt. 5a, 16:04

Arrasate, Eskoriatza eta Bergaran izango da egun batez 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei Kode Eskolak zuzendutako programazio tailerrak eskaintzeko. Bere helburua haur eta gazteen artean teknologien erabilera egokia eta sortzailea bultzatzea eta teknologiaren aldeko jakin-mina eta bokazioa sustatzea da.

Ekainaren 28an aurkeztu zuen Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriaren zuzendariak Gipuzkoako lurraldea zeharkatuko duen Ikasgela Ibiltaria, Kode Eskolako zuzendaria den Nerea Atxegarekin eta Irizarreko Zuzendaritza Kontseiluko presidentearekin batera emandako prentsa aurrekoan. Kultura Digital@ programaren barruan kokatzen da proiektu hau eta Aldundiak, Orona Fundazioak eta Kode Eskolak sustatzen du eta Irizar enpresaren laguntzarekin. 

Ekainaren 29an hasi eta uztailaren 30a bitartean Gipuzkoako lurraldea zeharkatuko du Ikasgela Ibiltariak eta autobusaren barruan antolatuko dira 45 minutuko tailer desberdinak. 8 eta 16 urte bitarteko ikasleak parte hartu ahal izango dute ikastaro desberdinetan eta ikasleek, irakurtzen eta idazten bezala, programatzen ikastea du helburutzat, horrela bakarrik ulertuko baitute tresnek nola funtzionatzen duten eta nola egin bakoitzaren erabilera egokia.

Tailerrak programazioan, webguneen eta bideo-jokoen sorkuntzan eta Scratch tresnan oinarrituko dira adinaren arabera, eta teknologien erabilera egokia eta sortzailea bultzatzea izango dute helburutzat. Programatu ordenagailurik gabe eta Scratch ezagutu ikastaroetan 8 eta 12 urte arteko haurrak parte hartu ahalko dute, Bideo-jokoak sortu ikastaroan 8 eta 14 urte artekoak, Programatu I, programazioaren hastapenak, eta Webguneak sortu ikastarotan 12 eta 16 urte artekoak eta Programatu II ikastaroan, programazio lengoaiak zer diren eta nola funtzionatzen duten ikasiko dute 14 eta 16 urte arteko gazteek. Laburbilduz, ikasleek lehen kontaktu bat izatea bilatzen da programazioarekin eta teknologiaren aldeko jakin-mina sustatzea gerturatzen direnen artean.

Debagoienean hiru tokitan geldituko da Ikasgela Ibiltariaren autobusa: Arrasaten, Eskoriatzan eta Bergaran. Lehenengo Arrasaten, uztailaren 14ean, Seber Altube plazan. Ondoren, Eskoriatzan izango da uztailaren 18an, herriko plazan, eta azkenik, Bergaran geldituko da uztailaren 27an igerilekuaren ondoan. Tailer guztiak doakoak izango dira baina aurrez izena eman beharko da bertan parte hartzeko, honako formularioa betez. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero Gipuzkoan Gazte webgunera, info@kode-eskola.eus helbidera edo 943000333 telefonora jo daiteke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak