Frankismo garaiko testigantza ugari jaso dira BAZ-en

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko eka. 23a, 16:53

Arrasateko Udaleko alderdi politiko guztiak "pozik" azaldu dira jasotako frankismo garaiko testigantza ugariren aurrean. Hilabete eta erdiko epean, guztira 22 lagunen testigantzak jaso dira Udalak BAZen ahalbidetutako bulegoan.

Frankismo garaiko indarkeria zuzenean jasan zuten 22 arrasatearrek beraien testigantza eman dute horretarako BAZen ahalbidetutako bulegoan. Arrasateko Udaleko alderdi politiko guztien artean adostutako oharra zabaldu nahi izan dute eta bide batez, esker ona eman beraien bizipenak partekatu dituztenei.

Arrasateko Udaleko alderdi politikoen oharra:

Joan den martxoaren 7an Arrasateko Udalean egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuten alderdi politiko guztiek (EAJ – PNV / EH BILDU/ PSE – EE / BALEIKE / IRABAZI)  1936ko kolpe militarren eraginak jasan zituzten milaka biktimen memoria duintzeko erabakia. Horretarako, udal alderdi politiko guztiek, adostasun eta elkarlanean, frankismoaren aurka kereila kriminala jartzea erabaki zuten, modu honetara, garaiko gertakarien egia ezagutarazi eta diktadura frankistak eragindako giza eskubideen aurkako krimen guztiak ikertu eta epaitzeko xedez.

Bide horretatik, frankismoaren indarkeria (bonbardaketak, fusilamenduak, desjabetzeak…) zuzenean jasan zuten arrasatearren zein haien senitartekoen testigantzak edota salaketak jasotzeko bulego bat egokitu zuen Udalak BAZen. Horren harira, bulegoaren arrakasta azpimarratu du gaurkoan Udalak, zabalik egon den hilabete eta erdian 22 arrasatearren bizipenak jaso baitira bertan. “Testigantza guzti horiekin garaiko gertakarien egia ezagutzetik urrats bat gertuago gaude eta hori pozik egoteko arrazoia da, azkenean, guztion artean frankismoaren biktimak izan zirenak behar bezala duindu eta aitortzea lortuko baitugu”, azaldu dute Udaletik.

Ildo beretik eskerrak eman dizkie haien bizipenak edota salaketak partekatu dituzten lagunei “testigantza horiek guztiak izango baitira baliotsu zein baliagarri Arrasate eta bereziki arrasatearren memoria historikoa berreskuratzeko bidai honetan”, adierazi dute Udaletik.

Amaitzeko, bulegoa jada itxita badago ere, testigantzak ematen edo salaketan egiten jarraitzeko aukera izango dute hala nahi duten arrasatearrek. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute 943 25 20 00 telefonoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak