BAZen testigantzak egitera animatzeko dei egin du EH Bilduk

Xabi Gorostidi 2017ko mai. 16a, 20:43
Luis Javier Arrieta torturatua izan zeneko irudiak erakusten.

Frankismoaren biktimen aurka Udalak jarriko duen kereila kriminala osatzeko herritarren ekarpenak ezinbestekoak direla esan dute. Gaurko agerraldian Kepa Ormaetxea eta Luis Javier Arrieta herritarrek eurek jasandako torturak kontatu dituzte, eta horiek salatzearen garrantzian jarri dute fokua.

Martxoko osoko bilkuran aho batez onartu zen Arrasateko Udalak frankismoaren aurka kereila kriminal bat jartzea, eta horretarako biktimen testigantzak jasotzeko bulego bat egokitzea.

Duela bi aste zabaldu zituen ateak BAZen kokatutako bulegoak, eta prozesu honi bultzada emate aldera agerraldia egin du Arrasateko EH Bilduk. Denbora asko pasatu den arren, herritarrei euren ekarpena egiteko deia egin die Eneko Barberenak, "gizadiaren aurkako krimenek ez dutelako inoiz preskribatzen". Testigantzak egiteko prozesua oso erraza dela azaldu du ostean. "BAZera deitu, eta testigantzak jasotzeko bulegorako txanda eskatzea besterik ez da".

"Badakigu 1936tik aurrera kasu pila bat eman direla Arrasaten; torturak, atxiloketak, baita atxilotuak izan gabe jasandako jipoiak... garai horretako jende asko jada ez dago bizirik, baina kasu horiei buruz zerbait dakiten familiako kideei parte hartzeko eskatu nahi diegu, euren ekarpena oso garrantzitsua delako" azaldu du Yolanda Perez de Arenaza EH Bilduko Memoria taldeko ordezkariak.

Bi herritarren testigantza latzak

Arrasaten kasu asko egon daitezkeela erakusteko bi herritarrek hartu dute hitza jarraian. Horietako lehena, Kepa Ormaetxea izan da. Hiru aldiz torturatua izan zela azaldu du; bi frankismo garaian, eta beste bat 1982an, Herri Batasunako udal zinegotzi zenean. "Polizia indarrek orduan herriko alkate zen Ardanzari abisatu zioten nire bila etorriko zirela. Madriletik nire etxera etorri ziren. Gasteizera eraman ninduten eta ostean Madrileko Puerta Del Solen zegoen Direccion General de Seguridad-era ere bai. Bortizki torturatua izan nintzen bi lekuetan; poltsarena egin zidaten, eta baita kirofanoa deitzen zioten tortura mota bat ere bai".

Ondoren hitza hartu duena Luis Javier Arrieta izan da. Javier, Txabi, Etxabarrieta ETAko kidearen hiletan atxilotu zutenekoa kontatu du lehenik eta behin. "Meza ostean manifestaldi antzerako bat egon zen eta hori amaituta zegoelarik, ezkutuan aritu ziren jendea atxilotzen. Kolpe latzak bata bestearen eman zizkiguten, eta jipoiak amaitu ostean, berriz ere kolpatzen hasten ziren. Sekulako zauriak utzi zizkidaten (argazkian ikus daitekeen bezala), eta horiek motorrean nindoala izandako eroriko batek eraginda zirela esaten zuen dokumentu bat sinatu arazi zidaten, mehatxupean. Ondoren Antonio Del Campo medikua etorri zen dokumentu hori baieztatzera, baina eragin zizkidaten zauriak ikusita, ez zuen sinatu. Bidegabekeria iruditu zitzaion jipoi basati bat, motorreko istripu bat izan balitz bezala estaltzea".

Arrietak gaineratu du, bidegabeko atxiloketa horiengatik, gaur egun arazoak dituela atzerrira irteteko, eta bere etxeko telefonoak oraindik "pintxatuta" jarraitzen duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak