Lehen Hondakinen bulegoa zena, orain, Frankismoren gaineko krimenak salatzeko eta lekukotasunak jasotzeko bideratu da. Arrasatearrek gaurtik aurrera eta ekainaren 16ra bitartean, gertura daitezke salaketa jartzera eta horretarako, BAZ-en txanda hartu beharko dute. Horretarako, nahikoa izango da bai BAZ-eko mostradorera gerturatzea zein telefono bitartez deitzea; Udaletxera ere deitu dezakete txanda hartzeko. Behin hitzordua finkatuta, BAZ-eko bulegoan Udal langilearekin elkartuko dira salaketa egiteko.
Testigantzak hartuko dituen Udal langilea Marijo Axpe izango dela esan du Ubarretxenak: "Historialaria da, artxiboa eramaten du eta gaiarekin sentsibilitate handia duen pertsona da. Lan hau egiteko profil ona duela uste dugu Udaletik". Testigantzak jasotzeko hilabeteko epea ezarri da printzipioz. Ondoren, guztiak jaso, txukundu eta Arrasateko Udalak ezarriko dituen kereiletara gehituko dira." Udaletxea kereilatuko da bi epaitegi ezberdinekin. Batetik Argentinako kereilarekin bat egingo dugu eta, bestetik, Bergarako Epaitegian jarriko dugu bigarrena. Horiek osatzeko, informazioa daukagu baina, hala ere, jendearen testigantzekin osatu nahi dugu" dio Arrasateko alkateak.
Beti ere, eta kasu guztietan, konfidentzialtasuna bermatuko dela aitortu du Ubarretxenak: "Udaletik babes guztia jasoko dute eta konfidentzialtasuna bermatuko dugu. Gaia diskrezioz eraman nahi duenak, bermea izango du. Herritarrak animatzen ditugu salaketa jartzera".